Josefa Albisu ‘Joxepinaxi’, prentsan agertu zen lehenengo emakume pilotaria
XIX. mendera arte ez zen ezagutu lehenengo banakako eskularia zen emakumearen izena. ‘Historia de la pelota vasca’ liburuan Santiago Lesmesek dio Josefa Ignacia Albisu’, ‘Joxepinaxi’, dela emakume hori. Gaurko egunez jaio zen Lazkaon, 1859. urtean, garaiko gizonak menderatzeko gai izan zen pilotaria.
Josefa Albisu Lazkaon jaio zen 1859ko martxoaren 19an eta Donostian hil zen 1950eko otsailaren 4an. Pilotari aitzindaria, 1885eko martxoaren 8an sartu zen, letra handiekin, gure kirolaren historian, Lazkaoko frontoian bi gizonei irabazi zienean.
Bere garaian oso arraroa zen pilotalekuetako kantxetan emakumeak ikustea. Eta askoz arraroagoa zen horietako batek gizon bati irabaztea. Bada horregatik egin zen ospetsu Josefa Albisu.
1938an ‘Fotos’ aldizkarian eta Joxepinaxik berak kontatu zuenaren arabera, hauxe gertatu zen: auzokideak ziren Josefa eta Mateo Lasa. Josefa Labetxea baserrian bizi zen, frontoiaren ondoan; Mateo, inguruko beste baserri batean, Josefa nekatuta zegoen auzokide honek emakumeei buruz botatzen zituenekin. Matxista zen oso.
Egun batean, Josefa nazkatu egin zen eta esan zion partida bat jokatuz gero ziur zegoela berak irabaziko zuela. Mateok onartu behar izan zuen erronka, herri osoa jabetuta zegoelako.
‘Andra’ aldizkarian irakurri dugunez, partiduaren kronikak honela deskribatzen du erronkaren eguna: egundoko jaia herrian, baserrietatik zetorren jendez lepo zeuden bideak; Donostia, Segura eta Tolosatik etorritako autoak; frontoia 2.500 ikuslez gainezka. Balkoietan eta leihoetan, baita zuhaitzetan ere, ikusleak.
Ontza bat urre zegoen jokoan baina Joxepinaxiren aitak behi bat ere jokatu egin zuen alabaren alde. Anekdota bitxi batek Joxepinaxiren nortasuna adierazten du: sakea egitean, Mateok balio gutxiko txanpon bat atera zuen eta airera jaurti. Lurrera erori zenean Josefak zapaldu eta askoz ere baliotsuagoa zen ogerleko bat atera zuen poltsikotik.
Hogei minutu baino ez zuen behar izan neskak 30-11 irabazteko. Herria pozez, gehiago eskatuz, baina Mateok uko egin zion bigarren partidu bati. Ondoren, garaiko pilotari famatu bat, ‘Prancheas’ izenekoa, topatu zuten eta gizon horri ere irabazi zion gure Josefak. Martxoaren 8ko arratsaldean jokatu zen partidua.
Ramos Azkaratek ‘Lazkauko Plazan’ izeneko bertso sorta idatzi zuen Albisuk jokatutako partiden inguruan
Beste partida batzuk ere jokatu zituen Josefak eta hain ospetsu egin zen ezen 6.000 ogerleko eskaini zizkioten Ameriketara joateko, baina eskaitzari uko egin zion, ez baitzegoen Euskal Herritik kanpo bizitzeko prest.