GAUR8

Eskola kiroleko jarduera irekien saio berriak jarri ditu abian Arabako Foru Aldundiak

Arabako Foru Aldundiak iragarri du eskola kiroleko jarduera irekien programak saio berriak eskainiko dituela apirilean zehar, baseball, mahai tenisa, squash eta txirrindularitza modalitatetan.

Baseball, mahai tenisa, squash eta txirrindularitza izango dira apirileko programaren modalitateak.
Baseball, mahai tenisa, squash eta txirrindularitza izango dira apirileko programaren modalitateak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kirol modalitate ezberdinetan parte hartzeko aukera eskaintzen duen programa abenduan abiatu zen jarduera sorta batekin, orain,  apirilean, kirol kantxara itzultzeko aukera dute ikasleek lau modalitatetan: baseball, mahai tenisa, squash eta txirrindularitza.

Adin txikiko ikasleei zuzenduta, aurtengo kirol jarduera irekien programa 2008-2017 bitarte jaiotako haur eta gazteentzat izango da. Ohartarazi dute, halere, jarduera bakoitzak zehaztuko duela parte hartzaileak zer adinekoak izan behar diren.

«Parte hartu ahal izango dute dagokion modalitateko eskola kiroleko programan izena eman ez duten eta izena eman dutenek», azaldu dute Foru Aldunditik, salbuespena zehaztuz: «salbuespen izango dira hastapen ikastaroak, modalitate horretan izena eman ez duten ikasleek soilik parte hartu ahal izango baitute».

Arabako kirol federazioek antolatzen dituzte jarduerak, eta programa ekainaren 21era luzatuko da. Orokorrean doako ekimenak dira, baina zenbaitetan kostu sinbolikoa jartzen dute bertaratze berme gisa, azaldu du Diputazioak.

Foru Aldunditik nabarmendu dute programak aukera ematen duela «kirol modalitate desberdinak ezagutzeko, hainbat kirol aldi berean egiteko eta jarduera mota desberdinak egiteko, ez soilik lehiakorrak direnak».

Jardueren datak eta nondik norakoak Arabako Foru Aldundiaren web orrian daude eskuragarri.