GAUR8

EHUko ikasle talde bat nabarmendu da estatu mailan energia trantsizioarekin lotutako proiektu batekin

Erregai sintetikoetarako katalizatzaile berri baten erabileran lan egiten duen EHUko ikasle talde bat finalista izan da 1.700 ikasle biltzen duen Unibertsitate Repsol Challenger izeneko lehiaketaren lehen edizioan.

Irudian, Mario Escribano, Emilio Garcia eta Raquel Lopez, EHUko ikasleak.
Irudian, Mario Escribano, Emilio Garcia eta Raquel Lopez, EHUko ikasleak. (UPV/EHU)

EHUko ikasle talde bat finalista izan da energia trantsizioan eta deskarbonizazioan gazteek proposatutako konponbideak biltzea helburu duen Unibertsitate Repsol Challengeren lehen edizioan. ‘Mugikortasun Iraunkorra’ kategorian nabarmendu dira Mario Escribano, Emilio Garcia eta Raquel Lopez Material Berrien Masterreko ikasleak.

‘GreenDrive Innovations’ izeneko taldea osatu dute EHUko hiru ikasle horiek, eta «bere lanak erregai sintetikoetarako katalizatzaile berri baten erabilera ikertzen du». «Katalizatzaile honek kateen luzeran kontrol handia izatea ahalbidetzen du: erraz birzikla daiteke, ez da toxikoa eta merkea da», azaldu du EHUk ohar batean.

Nabarmendu duenez, finalisten artean geratzea «garaipen handia da haientzat, eta beste unibertsitate batzuetako ikaskideak ezagutzeko aukera ere bai». Ildo beretik, Mario Escribano taldeko kideak azpimarratu du «pertsonalki» plazera izan dela «estatu osotik etorritako unibertsitateko ikasleak ezagutu eta haiekin lan egitea».

«Pertsonalki bi egunetan ikasi genuen gure proiektua nola aurkeztu eta saldu. Ekimen oso garrantzitsua da, ez bakarrik gaur egungo ikerketa eta garapen teknologikorako, baita ikasleentzako zubi bat sortzeko ere unibertsitate munduaren eta lan merkatuaren artean», adierazi du Escribanok.