600 trikitilari baino gehiago bilduko ditu larunbatean Iruñean Euskal Herriko Trikitixa Egunak
Euskal Herriko Trikitixa Egunak Iruñeko kaleak hartuko ditu larunbatean. Guztira 600 trikitilari baino gehiago biltzea espero da, eta kalejirez gain kontzertuak ere izango dira eguerdi partean.
2022an Pasaiako kaleak girotu ondoren, Euskal Herriko Trikitixa Egunak jauzi egin du aurten beste herrialde batera, Nafarroara, hango hiriburua hartuz. Larunbatean (hilak 13) izango da, 11.00etatik aurrera, eta festa giroa hiru plazatik abiatuko da.
Hitzorduak 600 trikitilari baino gehiago bilduko dituela aurreratu du antolatze lanetan dabilen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Ohar batean azaldu du «zailtasunez eta trabaz betetako antolakuntza» izan arren, «aurrera egin» eta ehunka trikitilarik hartuko dituztela Iruñea zaharreko kaleak.
Andoitz Antzizar elkarteko idazkariak NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan azaldu du antolakuntzaren ikuspegitik egunak lana suposatzen badu ere, «festa eguna» dela larunbatekoa, «trikitiliari garenon eguna» baita.
Gogoratu du 1972an egin zela lehenengo trikitixa egun bat, eta «egun hartan erein zen hazitik» sortu zela Euskal Herriko Trikitixa Elkartea bera. Geroztik, urtero izan da trikitixa egun bat, bailara mailan izan bada ere, nabarmendu duenez.
Iruñeko larunbateko egitaraura itzulita, hiru abiapuntu ditu jaiaren hasierak goizean: Txantrea plaza, Felix Huarte plaza eta Ega Ibaiaren parkeko frontoia. Goizeko 11.00etan puntu horietatik abiatu eta auzoetan barrena ibiliko dira kalejirak, eguerdiko kontzertuak hasi arte.
Izan ere, hiru kontzertu hasiko dira eguerdian: San Francisco de Asis plazan Trikiteens-ek joko du, Miren eta Roberto Etxebarriak Monasterio Azuelo plazan, eta De la Cruz plazan, Itzelek.
Kontzertuen hasiera 12.30erako aurreikusita dago, ordubete beranduago autobus Geltoki Zaharrerako bidea hartuko dute parte hartzaileek, eta 14.30ean mahaiaren inguruan bilduko dira bazkarian.
Arratsaldeko hitzordu nagusia 18.00etan izango da, ordu horretan «kalejira erraldoia» egingo baitute Gaztelu Plazara, eta bertan «argazki erraldoia» egiteko geratuta daude trikitilariak.