GAUR8

Guraso eta seme-alaben arteko gaitzespen egoerak kudeatzeko jardunbide profesional egokien gida aurkeztu dute

Gatazka handiko familietan, guraso eta seme-alaben arteko gaitzezpen egoeratan tresna lagungarria izan nahi duen jardunbide egokien gida aurkeztu du Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak. Bereziki, auzitegiko, klinikako eta esku-hartze sozialeko adituei zuzenduta dago.

Bi pertsona patinete batean igota.
Bi pertsona patinete batean igota. (Jon URBE | FOKU)

Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak (COP Bizkaia) gatazka handiko familietan seme-alaben eta gurasoen arteko gaitzespenari buruzko jardunbide profesional egokien gida aurkeztu du Bilboko Auzitegiko Psikologiaren I. Kongresu Nazionalaren bigarren jardunaldian.

Dekalogo horren bidez, Bizkaiko PEOk lagungarriak izan daitezkeen tresnak eskaini nahi dizkio psikologiako profesionalei, «bereziki auzitegiko, klinikako eta esku-hartze sozialeko adituei, gatazka handiko familia-dinamiketan seme-alaben eta gurasoen arteko harreman-arazoen prebentzio, ebaluazio, tratamendu eta jarraipenerako esku-hartzeetan».

Helburua –nabarmendu dute– «haur eta nerabeen eta arazo horiek dituzten familien seme-alaben ongizatea» bilatzea da.

Dokumentuak Gurasoen Erresistentzia eta Gaitzespen Dinamiken definizio zientifikoaren definizio proposamen batekin abiatzen da, «hainbat egoeratan jatorria izan dezaketen gurasoen eta seme-alaben arteko harreman-arazoak hobeto ulertzeko».

Ondorio psikologikoak

Bigarren blokeak familia-arazo «konplexu» horretan sakontzen du, dinamika horien ebaluazioan eta, zehazki, haurrengan eta nerabeengan, gurasoengan eta familiako kideengan dituzten ondorio psikologikoetan murgilduz.

Azken blokea esku-hartzeari buruzkoa da, eta Gurasoen Erresistentzia eta Gaitzespen Dinamiketan prebentzioak eta esku-hartze goiztiarrak duten garrantzia azpimarratzen du, baita horrelako problematikei heltzeak eskatzen duen «ezinbesteko prestakuntza espezializatua» ere.

Esku-hartzeetan zentratutako azken atal horretan honetan, Euskal Herrian abian jarritako gurasotasun positiboko edo egokitzapeneko programak ere jasotzen dira.