‘Liburukutxa’ zerbitzua aktibatuko dute Getxon, liburuak jaso eta itzultzeko Andra Marin bertan
Getxoko ‘Liburukutxa’ zerbitzuak Andra Marira hurbilduko ditu liburuen maileguak eta itzulerak maiatzetik aurrera. Auzoko kiroldegian postontzi automatiko bat jarriko dute.
Getxoko Kultur Etxeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, maiatzetik aurrera Kultur Gelak ‘Liburukutxa’ ekimena jarriko du abian, udal liburutegiaren zerbitzua Andra Mari auzoko eta inguruko eremuetako herritarrei hurbiltzeko.
Sistema berri horri esker, eskatutako liburuak Andra Mari kiroldegiaren barruan dagoen leihatila automatizatu batean jaso eta itzuli ahal izango dira.
Leihatila hori erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da liburutegietako bazkide izatea edo NAN zenbakia erabiltzea. Liburuen maileguak maiatzaren 2tik aurrera (osteguna) liburutegietara telefonoz deituz edo emailez bidaliz egin ahal izango dira, eta hilaren 7tik aurrera postontzian jasoko dira.
Azken data horretatik aurrera, asteartero jarriko da berriro leihatila eskatutako tituluekin, eta erabiltzaileek bost eguneko epea izango dute horiek jasotzera joateko. Behin amaituta, jaso gabeko aleak jatorrizko zentroetara itzuliko dira.
Azaldu dutenez, erraza da erabilera. Gailuaren menuko pantailan bilketa edo itzulketa bat egingo den aukeratu behar da. Ondoren, liburutegietako txartela eskaneatuko da, bazkide-zenbakia edo NAN zenbakia (letrarik gabe) sartuko da eta, azkenik, izenburua pantailan aukeratuko da.
Bestalde, eskaera bat jaso nahi bada, automatikoki irekiko da leihatila alea atera ahal izateko. Itzulketa bat eginez gero, aldez aurretik liburua eskaneatu beharko da eta, ondoren, leihatila irekian sartu.
Neguko eta udako ordutegia
‘Liburukutxa’ astelehenetik igandera erabili ahal izango da kiroldegiko ordutegian. Neguan, irailaren 16tik ekainaren 15era, 8.30etik 21.30era; eta udan, ekainaren 16tik irailaren 15era, 8.15etik 13.45era eta 17.30etik 21.30era.
Leihatilan jaso beharreko liburuen mailegua, berriz, hiru liburutegietako edozeinetan egin ahal izango da, telefonoz, liburutegietako ohiko ordutegietan.
Eskaerak emailez ere egin ahal izango dira liburutegiak@getxo.eus helbidearen bidez, eta, azkenik, gailuaren funtzionamendua ezagutu nahi dutenek bertan egin ahal izango dute, datorren astelehenean, maiatzak 6, eskainiko den prestakuntzaren bidez. Liburutegiek laster emango dute horren berri euren zentroetan eta sare sozialen bidez.