GAUR8

Abadiñoko Auxilio Social-i buruzko ikerketak irabazi du Gerediagaren Ikerlari Gazteen Sariketa

Abadiñon, diktaduran, umezurtz edo bakarrik zeuden umeak artatzen zituen gizarte laguntzako zentroaren gaineko ikerlanak irabazi du Gerediagaren Ikerlari Gazteen sariketa. Marta Calvo ikerlari gaztea da egilea.

Abadiñoko gizarte laguntzako zentroko irudi zahar bat.
Abadiñoko gizarte laguntzako zentroko irudi zahar bat. (Zorraquin Funtsa-Gerediaga Elkartea.)

Gerediaga elkarteak antolatzen duen Ikerlari Gazteen Sariketan lehen saria izan du frankismoan Abadiñon egon zen gizarte laguntza barnetegia ikertu duen lanak.

‘Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan’ izenburua du lanak, eta Marta Calvo Larralde 34 urteko ikerlaria da egilea.

Hamar bat urte egon zen zabalik gaur egun ‘Zelaietako hotela’ modura ezagutzen den eraikinean, Seccion Femeninako emakumeen gidaritzapean, eta 3 eta 7 urte arteko 65 haur inguru hartu zituen. Gogoratu dutenez, bertan zeuden haurrak «ustezko ume abandonatuak» ziren, eta haien artean «egoera soziopolitikoen» ondorioz bakarrik geratzen zirenak ere bazeuden. «Esaterako, gurasoen ideologiek bortxazko banaketa ugari eragin zituzten», azaldu dute Gerediagatik.

Deialdiak duen kategorietako batean saritua, 19 eta 35 urte bitarteko ikerlariei dagokienean hain zuzen, aukeratutako gaiaren «originaltasuna» eta kontsultatutako iturriak nabarmendu ditu epaimahaiak.

«Lan osoa da eta ondo egituratuta dago. Marko teorikoaren lurreratze egokia egiten du, testuinguru zabal batetik hasita Abadiñoko errealitatera ekarrita», adierazi dute epaimahaikideek. Aipatu dute, gainera, «frankismoaren beste aurpegi bat» erakusten duela lanak, «horren ezaguna izan ez dena».

Calvok saria jaso duen kategorian bost lan aurkeztu dira guztira. Ikerlari gazteagoen kategorian, 18 urtera artekoan, ez da lanik aurkeztu, zehaztu du Gerediagak.

Sari-banaketa Astronomia Gelan

Eskualdeko ondarea ikertu eta horren zabalpena bultzatzera zuzendutako sariketak maiatzaren 3an ospatuko du edizio honen sari-banaketa ekitaldia Durangon, Oktogonoan, Intxaurrondo auzoan.

Ekitaldia, azaldu dutenez, Durangoko Astronomia Gela ezagutzeko aukera emateko baliatuko dute. Izan ere, sari-banaketaren ostean, hitzaldi laburra eskainiko du Izarra Astronomia Elkarteak, gela bera eta teleskopioa ikusteko aukera emanez.