GAUR8
Gaur X urte

Gaur 118 urte hil zen Ziraukiko Higinia Luz Aiestaran, Auschwitzeko kontzentrazio eremuan

Lau hilabete iraun zuen Auschwitzen, eta maiatzean hil zen, neumoniarekin. Ziraukiko emakumea erresistentzia frantsesean aritu zen borrokan.

Higinia Luz Goñi Aiestaran.
Higinia Luz Goñi Aiestaran. (AMICAL)

Higinia Luz Goñi Aiestaran (Zirauki, Nafarroa Garaia, 1906ko urtarrilaren 11-Auschwitz, 1943ko maiatzaren 1a), Lutx goitizenez ere ezaguna, nazien kontrako Frantziako erresistentzian parte hartu zuen emakumezko nafarra izan zen. Atxilotu ondoren, Auschwitzeko kontzentrazio eremura eraman zuten, eta hantxe hil zen, gaur 118 urte.

Ziraukin jaiotako emakumezko hau etxeko lanetan aritu zen Iruñean gaztetan, eta jardun berean segitu zuen Parisen 1932tik aurrera. Hiriburu frantsesean Jose Martos algeriarra ezagutu zuen eta harekin ezkondu zen 1934an.

Goñi eta bere senarra aktiboki inplikatu ziren erresistentzia frantsesean, tropa alemaniarrek Estatu frantsesa inbaditu ostean, 1940an.

Baina, tamalez, urtebetera atxilotu zuten Ziraukiko emakumea, Montmartreko etxe batean, eta preso egon zen La Sante espetxean eta Romainville gazteluan.

1943ko urtarrilean eraman zuten Auschwitz kontzentrazio esparrura trenez, erresistentzia politikoko 230 emakumerekin batera. Haien artean zen Charlotte Delbo idazlea, zeinak gerora emango zuen Higinia Luzen berri. 31696 preso zenbakia jarri zioten.

Alberto Barandiaran kazetariak berreskuratu zuen gero bere historia, bere benetako deiturak eta jatorria aurkitu arte, 1995ean Euskaldunon Egunkarian argitaratu zen erreportaia batean.

Kontzentrazio eremuko baldintza beldurgarrietan, lau hilabete iraun zuen, eta maiatzean hil zen, neumoniarekin. Trenean topatu zituen 230 emakumeen artean, soilik 49 irten ziren bizirik Auschwitzetik, liberazioarekin.