GAUR8

Bizkaiko Aldundiak ‘Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)’ liburua argitaratu du

Arratiako tranbiaren historian eta garraiobide berriak herritarrentzako suposatu zuen laguntzan sakondu duen lan berri bat argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiak: Jon Urutxurtuk sinatzen duen ‘Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)’. 

Arratiako tranbiaren historiari buruzko lan berriaren azala, irudian.
Arratiako tranbiaren historiari buruzko lan berriaren azala, irudian. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)’ liburua argitaratu du, Jon Urutxurtuk idatzitakoa. Bertan, garraiobide hori 1902 eta 1964 urte bitartean biztanleei nola lagundu zien gogoratzen da.

Foru erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, liburua «denboraren tunelean zehar egindako bidaia bat da, eta iraganera begiratu nahi du, argazkien eta testu-dokumentuen laguntzaz».

Liburua salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazio 7) eta online www.bizkaia.eus/argitalpenak helbidean.

60 urte azken tranbiatik

Bilbotik Durangora eta Arratiara doan tranbia elektrikoa, Arratiako tranbia izenez ezaguna, duela 120 urte baino gehiago jarri zen martxan, eta azaroaren 30ean, 60 urte beteko dira haren desagerpenetik.

«Bilbotik Durangora eta Arratiara doan tranbia elektrikoaren historian murgiltzea XIX. mendeko azken urteetara atzera egitea da, 1898an, garai hartan Sustapen Ministerioak Angel de Iturralderi zerbitzua emateko emakida eman zionean. Emakida horretan adierazten zenez, tranbia lurrunak bultzatuko zuen, eta hori ez zen inoiz gauzatu», zehaztu dute.

Lemoa eta Artea arteko lehen bederatzi kilometroko zatia animalien trakzioarekin inauguratu zen behin-behinean, 1899ko irailaren 2an. Ordurako, Automovil Vitoriana konpainiak Areatza/Villaro eta Gasteiz arteko bidea egiten zuten autobus-zerbitzua ematen zuen, Barazar mendatetik igota.

1902ko uztailaren 5ean iritsi zen Durangora lehen proba-tranbia elektrikoa, eta handik aste batzuetara elektrifikatu zen Lemoa eta Zeanuri arteko tartea. 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durangora eta Arratiara doan tranbia elektrikoaren behin betiko inaugurazioa egin zen.