GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez jaio zen Lorena Gurendez gasteiztar gimnasta erritmikoa

43 urte bete ditu gaur Lorena Gurendez Gasteizko gimnasta erritmiko ohia. Munduko txapelduna izan zen birritan eta 1996ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen, hamabost urte baino ez zituela.

Gurendez, 2000an Madrilen entrenatzen.
Gurendez, 2000an Madrilen entrenatzen. (Wikimedia Commons)

Lorena Gurendez Garcia gasteiztar gimnasta erritmiko ohia gaurko egunez jaio zen, 1981ean. Munduko txapelduna izan da birritan eta 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoetan, hamabost urte baino ez zituela, urrezko domina lortu zuen.

1995ean Espainiako junior txapelduna izan zen bakarka zein taldeka Oskitxo klubarekin. 1996an Espainiako gimnastika erritmikoko selekzioan sartu zen, taldekako modalitatean. 1996an bere mundu mailako lehen titulua eskuratu zuen Budapesteko Munduko Txapelketako 3 pilota eta 2 zintako finalean. Lehiaketa beran zilarra eskuratu zuen lehiaketa orokorrean. Urte horretan bere kirol ibilbideko arrakastarik handiena lortu zuen, Atlantako Joko Olinpikoetako multzoen modalitatean txapeldun bihurtu baitzen. Artean, hamabost urte zituen.

1997an Europako txapeldunordea izan zen 5 pilotatan eta brontzezkoa 3 pilotatan eta 2 zintatan Patraseko Europako Txapelketan, Grezian. 1998an bere bigarren munduko titulua eskuratu zuen Sevillako Munduko Txapelketan, oraingoan 3 zinta eta 2 uztaitan, lehiaketa orokorrean zilarra lortzeaz gain. 1999an egindako Budapesteko Europako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen 3 zinta eta 2 uztaiko lehiaketan. 2000. urtean bere bigarren Joko Olinpikoetan parte hartu zuen, eta hamargarren postuan geratu zen Sydneyko taldekako lehiaketan.

Gurendez domina olinpiko bat lortu duen Hego Euskal Herriko kirolari gazteena da, 15 urte eta 87 egunekin eskuratu baitzuen.