Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Bi urte Miren Jone Azurza kazetari aitzindaria gabe

93 urte betetzear, Miren Jone Azurza kazetaria zendu zen Donostian 2022an, gaur bezalako egun batean. Aitzindaria izan zen, lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna eta hedabide bat zuzentzen lehen emakumezkoa. «Kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz» gisa definitu izan dute.

2011ean, Rikardo Arregi saria jaso zuenean.
2011ean, Rikardo Arregi saria jaso zuenean. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Aurtengo otsailean kaleratutako ‘Profesionalak izan ginen urtea’, Euskararen langile profesionalen elkartearen bigarren liburuan, Elixabete Garmendiak Miren Jone Azurza ekarri nahi izan zuen gogora, kazetaritza ikasketak bukatu eta titulua eskuratu zuen lehen emakume euskalduna izan zelako. Eta euskal kazetaritzaren profesionalizazioa garai batekin lotzen den arren, oraindik asko dago egiteke, gogorarazi zuenez, nahiz eta jada asko aurreratu den.

Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929an Miren Jone Azurza. Bizitza osoa emana zion idazketari, hori gabe ez zuen ulertzen eta euskara izan zuen beste zutoina. «Idazketa nire mundua zen eta da, kazetari sena ez da inoiz itzaltzen», aipatu zuen NAIZi eskaini zion elkarrizketan.

«Nik uste dut jaio nintzela kazetari», gehitu zuen Ahotsak.eus-ek 2020an egin zion beste elkarrizketa batean (sarean dago zintzilikatuta, entzungai). 70eko hamarkadan euskal kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz eta zutoin nagusietako bat izan zela diote garai haiek bizi izan zituztenek.

Izan ere 1969an ‘Zeruko Argia’ aldizkariko zuzendari izendatu zuten, hedabide bat zuzentzen zuen lehen emakumea bilakatuta. Emakume bakarra zen, gizonezkoz inguratuta. «Bai, beti, eta bost axola zitzaidan! Etxean ere lau anaia hezi nituen. Niretzat hori ez zen inoiz problema izan», zioen. 1975era arte zuzendu zuen argitalpena.

Hastapeneko garai latza izan zen hura. Izan ere, «‘Zeruko Argian’ dena egiteko zegoen. Lanean bi fraide ari ziren eta ez zen gauza serioa. Nire etxean, esaterako, ez genuen hartzen. Baina bihurtu zen 12-14 orrialdeko aldizkari, hutsetik hasita. Hor asko disfrutatu nuen, eta sufritu ere bai, eta ikasi eta irakatsi ere bai», zioen.

Frankismoaren mende isunak jarri zizkieten. Zergatik? ‘Batzokia’ eta ‘naziotasuna’ hitzak erabiltzeagatik. «Harpidedunek dirua ematen zuten isunak ordaintzeko: batzuek 200 pezeta; beste batzuek 25.000». 

Ondorengo urteetan, ‘Deia’, ‘Garaia’ eta ‘Muga’ bezalako hedabideetan ere jardun zuen.