GAUR8

Egitarau zabal batekin ospatuko dute Gasteizko Iparralde gizarte etxearen 35. urteurrena

35 urte bete ditu Gasteizko Iparralde gizarte etxeak, eta urteurrena ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute. Zentroak eta auzoak berak azken hamarkadetan izan duten bilakaeraren irudien erakusketa zabaldu da, eta datozen egunetan mota ezberdinetako jarduera egongo da. Hilaren 23an auzoaren historiari buruzko hitzaldi bat egongo da.

Gasteizko Iparralde gizarte etxeak 35 urte bete ditu.
Gasteizko Iparralde gizarte etxeak 35 urte bete ditu. (Raul BOGAJO | FOKU)

Zaramagako sare soziokomunitarioak hainbat kultura ekitaldi eta ludikoen egitarau zabala antolatu du Iparralde gizarte etxearen 35. urteurrena dela eta.

Programa aste honetan hasi da, gizarte etxeak eta auzoak 35 urte hauetan izan duten bilakaerari buruzko argazki erakusketa batekin. Bertan, hiltegi zaharraren irudiak ikus daitezke. Izan ere, hiltegiaren eraikina birgaitu egin zuten gizarte etxea hartzeko. Hilaren 23an, zonaldearen eta instalazioaren historiari buruzko hitzaldia eskainiko du Alberto Garcia Duartek.

Hilaren 25ean, tailerrak, jolas erraldoiak, ‘photocall’-a eta jolas puzgarriak izango dira. Horrez gain, ‘Ganchilleando con amor’ txokoa, zumba klaseak eta pintxo solidarioen banaketa ere egongo dira.

Arratsaldean, ‘kangoo jump’ saio bat eskainiko da. Gimnasia modalitate horretan, malgukiak dituen oinetako berezi bat erabiltzen da, behin eta berriz salto egiteko.

Jaiari amaiera emateko, 35. urteurreneko tarta bat prestatuko dute, auzoaren eta gizarte etxearen ibilbidea posible egin dutenak omentzeko ekitaldia egingo da, eta country-mex musika kontzertua izango da Lobo&Carmine taldearekin.

Ekainaren 2an, ‘ihes gela ginkana’ egingo da, ‘Iparraldeko birusa’ izenburupean, 10 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat. Egitaraua ekainaren 6an itxiko da Cirque Hirsute Estatu frantseseko konpainiaren ‘Cosmicomics’ kaleko zirku ikuskizunarekin.

Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak gogorarazi du 1989an jarri zirela martxan Iparralde eta Europa gizarte etxeak. Iparralde lehen gizarte etxe integratua izan zen, ekipamendu berean gizarte, kultura eta kirol zerbitzuak eskaintzen dituen eredua.