2001ean hiru pertsona hil ziren ETBren helikoptero batek Markinan izandako istripuan
‘Euskal Herria lau haizetara’ telebista saiorako irudiak grabatzen ari zirela, ETBren helikopteroak istripua izan zuen 2001eko maiatzaren 21ean, Markina eta Aulestia herrien artean. Ondorioz pilotua, kameraria eta saioaren zuzendaria hil ziren.
Gaur 22 urte ETBko helikoptero batek Markina eta Aulestia artean izandako istripu baten ondorioz hiru pertsona hil ziren. Une horretan grabatzen ari ziren ‘Euskal Herria lau haizetara’ saioaren zuzendaria Iñaki Pangua, Ruben Cortijo kameraria eta Roberto Arenas pilotua izan ziren hildakoak. Gainera, Santiago Yaniz argazkilaria larriki zauriturik atera zen.
Biharamunean hedabideek zehaztu zutenez, 18.20ak inguruan gertatu zen ezbeharra, Bizkaiko Markina eta Aulestia herrien artean zegoen Infemar harrobian. Hedabideek aipatutako lekuko baten arabera, helikopteroa altuera baxuan hegan egiten ari zenez, hautsak harrotu zituen eta gidariak ezin izan zuen harriak mozten zituen makina konektatzeko kable bat ikusi. Orduan, helikopteroaren helizeak bertan korapilatu ziren.
Zooming produkzio-etxeko saiorako Aulestiko Meabe auzoko irudiak grabatzen ari ziren istripua gertatu zen unean eta, bizirik atera zen Santiago Yañiz Gurutzetako ospitalera eraman zuten.
Euskal Telebistako zuzendaritzak hildakoen familia, lagun eta kideei elkartasuna helarazi zien. «Galera konponezinak eta bidegabekeria izugarriaren sentsazioak ez digu ahaztuko gure kideen giza kalitate eta kalitate profesionala», adierazi zuten komunikabide horren arduradunek prentsa-ohar batean.