GAUR8
Gaur X urte

1980ean Gasteiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu aukeratu zuten

Gaur 44 urte Gasteiz Araba Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu aukeratu zuten Parlamentuan, artikulu bakarreko 1/1980 legearen bidez. Ondorioz, Legebiltzarraren eta Gobernuaren egoitzak Arabako hiriburuan ezarri ziren.

Gasteizko Parlamentuaren eraikina, behinola institutu izandakoa.
Gasteizko Parlamentuaren eraikina, behinola institutu izandakoa. (Google Maps)

Gasteiz EAEko hiriburu bezala ezarri zuten gaur 44 urte, 1980eko maiatzaren 23an, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela. Gainera, Ganbera honek onartu zuen lehendabiziko araua izan zen hau.

Testuak dioenaren arabera, Gasteiz aukeratu zen «kontuan hartuta Gasteiz-Vitoria hiriak horri dagokionez eskaintzen dituen era guztietako baldintzak». Autonomia Estatutuaren 4. eta 25. artikuluak aipatzen dira. Hala ere, aipatzen ez dena «hiriburu» hitza da, Gasteiz Araba Bizkai eta Gipuzkoako administrazioen «egoitza» gisa ezartzen delako.

Bilbo, Gernika eta Donostia ere aukera izan ziren, baina azkenean Gasteiz aukeratu zen bi arrazoiengatik. Alde batetik, Ajuria Enea, institutu izandako gaur egun Parlamentua hartzen duen eraikina eta Lakua auzoan inauguratu gabe zegoen ospitale geriatrikoa dagoeneko bazeuden Gasteizen. Bestetik, hiriaren garrantzia estrategikoa izan zen aukeratzeko arrazoia, bide batez arabarren atxikimendua lortzeko.

Geroztik, Gobernuaren egoitza Lakuan ospitale izateko egin zen eraikinean dago, handitu bazuten ere; Parlamentua Florida ibilbidean; Lehendakariaren bizileku ofiziala Ajuria Enea etxean, Lehendakaritzaren egoitzatik gertu; Arkautin Ertzaintzaren akademia dago; Osakidetzaren egoitza nagusia ere Gasteizen dago, baita Arartekoa ere.