GAUR8

Lanen originaltasuna eta erritmo bizia nabarmendu dira Resurreccion Maria Azkue Literatura Sarietan

Guztira 374 lan aurkeztu dira Resurreccion Maria Azkue Literatura Sarietara. Epaimahaikideek gazteen idatzien originaltasuna nabarmendu dute baita beste bi ezaugarri azpimarratu ere: testu «landuak» eta «erritmo bizikoak» egon direla.

Saridunak Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean.
Saridunak Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean. (Euskaltzaindia)

Pasa den ostiralean banatu ziren Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak Bilbon. Bi kategoria ezberdintzen ditu deialdiak: ‘A maila’, 10 eta 13 urte bitarteko ikasleentzat, eta ‘B maila’, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Azken edizioan,  jasotako idatziei begira –374 lan guztira– originaltasuna nabarmendu du epaimahaiak, eta azpimarratu du, era berean, «testu landuak» eta «erritmo bizikoak» izan direla.

A mailan, Harriet Mitxelena –narrazioan– eta Ibai Maquibar –poesian– izan dira azken edizioaren irabazleak. B mailan, Josu Arrieta –narrazioan– eta Naiara Gutierrez –poesian– izan dira lehen sariak eskuratu dituztenak. Kategoria bakoitzeko banatutako hiru sariez gain, sari berezia jaso du Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak, lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea izan baita.

«Maila handiko lanak»

Euskaltzaindia eta BBK Fundazioa dira ekimenaren antolatzaileak. Ohar batean azaldu dutenez, «epaileen iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dira 2023an, eta azpimarratu dute saritutako idatzietan gai originalak jorratzen dituztela gazteek, gogoeta sakonak eta interesgarriak proposatuz».

Sari banaketa Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan izan zen, eta bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Enrique Davila BBK Fundazioaren ordezkariak parte hartu zuten.

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sariek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi, eta bi genero saritzen dituzte: narrazioa eta poesia. Aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Horrela, A mailan, Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu Lopez Gaseni izan dira epaimahaikide, eta B mailan, Amaia Jauregizar, Castillo Suarez eta Patxi Zubizarreta.