GAUR8

Hamar ikerketa buru kontratatzeko deialdia egin du Ikerbasquek

Mundu osoko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileak kontratatzeko deialdi berri bat egin du Ikerbasquek. Behin betiko 10 kontratu eskaintzen dira «eskarmentu handia eta lidergo gaitasuna» duten ikertzaileen artean, EAEn ikerketaburu aritzeko.

Ikerbasqueren ikertzaile bat CIC nanoGUNEn lanean, artxiboko irudian.
Ikerbasqueren ikertzaile bat CIC nanoGUNEn lanean, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak eskarmentu handiko hamar ikertzaile kontratatzeko deialdi berri bat zabaldu du gaur, EAEko unibertsitate eta ikerketa zentroetan beren ikerketak gara ditzaten.

Deialdiak zortzi urtetik gorako ikerketa esperientzia duten «mundu guztiko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileek kontratatzea ahalbidetuko du», azaldu du Ikerbasquek ohar bidez. Zehaztu duenez, eskaerak irailaren 12ra arte aurkez ditzakete Ikerbasqueren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net).

Ikerbasqueko iturriek jakinarazi dutenez, programak helburu bikoitza du: alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakartzea (haien artean jatorriz euskaldunak diren ikertzaile asko daude) eta, bestetik, EAEn dauden ikertzaileei behin betiko kontratua lortzeko aukera ematea. Era berean, emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatu nahi da bereziki, Ikerbasqueko berdintasun Planak jasotzen duen bezala.

35 herrialdetako 373 ikertzaile

Egun, Ikerbasquen 35 herrialdetako 373 ikertzaile daude: %46 Zientzia Esperimentalen alorreko espezialistak dira, %25 mediku eta bizitzako zientzietakoak, %15 ingeniari eta teknologiako adituak eta gainerako %14 gizarte zientzietakoak.

Nabarmendu dutenez, Ikerbasqueko ikertzaile horiek munduko zentrorik ospetsuenetatik heldu dira, hala nola MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateetatik eta CNRS edo Max Planck elkarteetatik.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren hitzetan, «egungo testuinguruan, are beharrezkoagoa da ikerketaren aldeko apustuari eustea Euskadiren etorkizunerako giltzarria den heinean».