GAUR8

Landa eremuko nerabeak eta adinekoak ziberdelituen prebentzioan trebatzeko kanpaina iragarri du Arabako Foru Aldundiak

Ziberdelituak prebenitzeko kanpaina bat iragarri du gaur Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, landa eremuko gazteei eta adineko pertsonei bereziki zuzenduta. Herrialdeko erakunde guztien parte hartzea bilatuko du planifikazio fasean dagoen egitasmoak.

Gazteen eta adineko pertsonen trebakuntzan zentratuko da Arabako Foru Aldundia ziberdelituak prebenitzeko prestatzen ari den kanpaina.
Gazteen eta adineko pertsonen trebakuntzan zentratuko da Arabako Foru Aldundia ziberdelituak prebenitzeko prestatzen ari den kanpaina. (Gillaume Fauveau)

Arabako Foru Aldundiak, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, landa-ingurunean prestakuntza eta sentsibilizazio kanpaina bat jarriko du abian datozen hilabeteetan, «Interneten eta ziberdelituen erabilerak eragindako mehatxuak prebenitzeko». Nerabeei eta adineko lagunei bereziki zuzenduta dago ekimena.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak iragarri du proiektua gaur egin den gobernuaren kontrol saioan, PPk Arabako delinkuentziaren hazkundeari buruz egindako galderei erantzunez.

Egitasmoa «erakunde publikoei, koadrilei, udalei, administrazio-batzarrei eta lurraldeko herritarrei zuzenduta dago, eta hezkuntza digitala areagotzea eta informazioaren eta komunikazioen jardunbide egokiak hartzea» da helburua, sareen bidezko iruzurrak prebenitzeko moduari buruzko ezagutza areagotzeko.

Planifikazio fasean dagoen kanpainaren inguruan, aurreratu du ahaldun nagusiak Arabako KZguneen sarea erabiliko dela, aurrez aurreko eta online ikastaroak eskainiz. Instagram eta TikTok sareetan ere txertatuko dira gazteei zuzendutako edukiak, guraso elkarteekin eta kirol taldeekin lankidetzan.

Era berean, sentsibilizazio jardunaldiak eta hitzaldiak aurreikusten ditu proiektuak, baita X sare bidezko kanpainak ere, merkataritza elektronikoa edo Internet bidezko erosketak maiz egiten dituzten pertsonei zuzenduta.

Araban ziberdelituek izan duten «hazkunde handia» nabarmendu du Ramiro Gonzalezek. Zehaztu du %12,32ko igoera jaso dela 2023ko data beretan erregistratutakoen aldean. Gaineratu duenez, «iruzur informatikoaren esparruan, iruzurrak Ertzaintzak erregistratutako ziberdelituen %90 dira».