GAUR8

Ia tona bat hondakin kendu dute herritarrek inguru naturaletan, Ekoetxea Sarearen kanpainaren barruan

Ekoetxea Sareak Urdaibain, Meatzaldean, Txingud¡n era Azpeitian herritarren parte hartzearekin egindako hondakin bilketak ia tona bat zabor kendu du aipatutako inguru naturaletan, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Irudian, gazte bat hondakin bilketan parte hartzen.
Irudian, gazte bat hondakin bilketan parte hartzen. (IREKIA)

Ekoetxea Sareak herritarrekin lankidetzan hondakinak biltzeko antolatutako kanpainan ia tona bat hondakin jaso eta kendu da  ingurune naturaletatik.

Ihobe ingurumen jarduketarako sozietate publikoak kudeatuta, ia 150 lagunek bat egin dute 2024ko Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin, Ekoetxea Urdaibai, Ekoetxea Meatzaldea, Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitiaren hondakin bilketa handian parte hartuz.

‘Gure lurrak. Gure etorkizuna’ lelopean ekainaren 8an gauzatutako bilketa Ihobek hilabete honetako lehenengo hamabostaldian herritarrei zuzentzen dizkien jardueren zati da, ‘Let's Clean Up Euskadi!’ kanpainarekin batera.

Ekoetxea Txingudik eta Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun erakundeek Ibarlako eremuaren garbiketa egin zuten; aisialdiko jarduerak aire zabalean egiteko jolasgunea da, Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren aurreko haur jolastokiraino doana. Parte hartu zuten 35 lagunen lanaren emaitza izan zen tona erdi bat hondakin kentzea.

Ekoetxea Urdaibairen inguruan, garbiketa Izaro Sub erakundearekin batera egin zen, San Kristobalgo paduran eta Muruetako Teilategian, bertan kontzentratu ohi batira itsasoak kostaldera itzultzen dituen hondakin asko. Bilketak hiru orduz iraun zuen eta 60 boluntariori esker 165 kilo hondakin berreskuratu ahal izan ziren.

Ekoetxea Meatzaldean, berriz, garbiketa Trianoko Mendien goialdean egin zen, Larreineta eta Parkotxa-Barrionuevo auzoen ondoan, Trapagaranen. Burdin Herria elkartearekin elkarlanean, 42 lagunek parte hartu zuten eta 175 kilo zabor kentzea lortu zuten.

Azkenik, Ekoetxea Azpeitiak 90 kilogramo zabor bildu zituen Udalaren lankidetzarekin Landeta auzoko eremu industrialean, jarduera ekonomikoko gune horretatik gertuen dagoen aldean.

Toxikoak askatzen dituzte

Ihoberen arabera, ingurune naturaletan abandonatutako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, eta substantzia horiek lurzorua, ura edo airea kutsatu dezakete eta izaki bizidun guztiei kalte egin.

Hondakin horiek paisaiak degradatzen dituzte eta esparru berezi askoren edertasun naturala narriatzen dute, betirako kutsatuta uzten baitituzte, ingurune eta pertsonen osasunean eragina izanik; adibidez, zigarrokin huts batek ia bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.