GAUR8

Lakuak 330.000 euro banatuko ditu ikerlanetan lagundu nahi duten unibertsitate ikasleentzako Ikasiker beketan

Ikerketa munduan lehen urratsak egiten laguntzera bideratuta, unibertsitateko ikasleentzako Ikasiker beken deialdi berri bat jarriko du abian Lakuako Hezkuntza Sailak. Agindua ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran argitaratuko da, aurreratutakoaren arabera.

Beka deialdia unibertsitate ikasleei zuzenduta dago.
Beka deialdia unibertsitate ikasleei zuzenduta dago. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Exekutiboko gobernu kontseiluak ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beken deialdia egiten duen agindua onetsi du 2024-2025 ikasturterako. Hezkuntza Sailak 330.000 euro banatuko ditu interesatuta dauden unibertsitate ikasleen artean.

Azken Sail horrek nabarmendu du Ikasiker programaren helburua dela unibertsitateko ikasleei aukera ematea euskal ikerketa sisteman egiten den oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloan lehen urratsak egiten has daitezen.

Unibertsitate ikasleei zuzenduta daude Ikasiker bekak. Izan ere, 2025eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte ikasketekin batera Euskal Unibertsitate Sistemaren ikerketa taldeetan, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetan, Ikerketa Sanitarioko Institutuetan, Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan laguntza emateko prest dauden ikasleak dira onuradunak.

Guztira 330.000 euro banatuko dira, 190 bekatan. Alde batetik, ikasturtean zehar burutzeko 150 beka emango dira, 2025eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, eta, bestetik, 2025eko udan egiteko 40 beka, ekainaren 1etik irailaren 30era.

Bekaren bat eskuratu nahi duten ikasleak unibertsitateko graduko titulazio ofiziala lortzera bideratutako ikasketa plan bateko azken bi urteetako batean matrikulatuta egon beharko dira (udako beken kasuan, master ofizialeko ikasleak ere izan daitezke).

Laguntzaren onuradun izateko, ikasleek EAEn izan beharko dute administrazio egoitza, eta lankidetza proiektu bat aurkeztu, lankidetza hori gauzatu nahi den ikerketa zentroak behar bezala ziurtatua.

Agindua ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta hurrengo egunetik irailaren 16ra bitarte izango da eskaerak egiteko epea.