Berdintasunaren aldeko planak garatzeko laguntza deialdia zabaldu du eLankidetzak
eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak genero berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak egiteko laguntza deialdia zabaldu du. Indarkeriaren aurkako protokoloak, prestakuntza eta pobretutako herrialdeetan bultzatzeko proiektuak daude deialdiak finantzatzen dituen ekintzen artean.
Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak 433.000 euro banatuko ditu laguntzetan, gobernuz kanpoko erakundeek funtzionamendu maila guztietan egon daitezkeen genero desberdintasunak ezabatzeko prozesuak eta ekintzak sustatu ditzaten, baita antolaketa kulturari lotutakoak ere.
Eskaerak tramitazio elektroniko bidez egin beharko dira, eta hilabeteko epea izango da larunbatetik, ekainaren 22tik.
eLankidetzak jakinarazi duenez, urtero deialdi bat egiten du erakundeetan genero berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak egiteko, oinarrizkoa baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen aurkako borrokan. Deialdia prozesuaren lau faseetara zuzenduko da –diagnostikoa, genero berdintasunaren aldeko ekintza plana, plana ezartzea eta ebaluazioa–, eta bakoitzak diru laguntza zehatz bat izango du.
Prozesuak bideragarri egiteko, erakundeei eskatzen zaien baldintzetako batzuk dira zuzendaritza taldeek prozesuen genero egituretan nahitaez parte hartu behar izatea, sortutako genero egiturei fase guztietan eusteko konpromisoa, eta erakundeek soldata bat baztertzea generoko pertsona erreferentearentzat.
Proiektua aurrera eramango duen pertsonaren soldataren zati bat barneratzeko aukera jasotzen da deialdian 2018tik, genero ekitatearen aldeko aldaketa guztiak gauzatzeko beharrezkoa baita erakundearen erabateko inplikazioa.
Eskabideak eta eskatutako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztu beharko dira, www.elankidetza.euskadi.eus webguneko deialdien atalean edota www.euskadi.eus webgunean.
Protokoloak eta prestakuntzak
Joan den urtean, 11 GKEek 383.320 euro jaso zituzten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten prozesuak egiteko. Ekintzen artean daude sexu eta sexu jazarpenari lotuta dauden protokoloak, feminismoetan edo zaintzetan prestakuntzak edo lan taldean eta emakumezkoen lidergoan lan egiteko prozesuak, bestek beste.
Feminismoa eLankidetzaren oinarritako bat da, eta genero ekitatearen aldeko antolaketa prozesuetarako laguntzetan ez ezik, pobretutako herrialdeetako erakunde feministei eta emakumeak ahalduntzeko proiektuei emandako laguntzetan ere islatzen da. Atal horretan, pasa den urtean, %27,06 emakumeen ahalduntzerako zuzendu ziren, eta %20,87 Hego globaleko erakunde feministei.