«Titiritari», poesia bisuala egiteko bidea poesia ilustratu forman

Anita Maravillas antzerki konpainia sortzaile izatetik musaren rola hartzera igaro da. «Titiritari» liburuan jaso dute Miren Amurizak eta Malen Amenabarrek, hitzez eta irudiz, hurrenez hurren, titiritarien lana. Larunbat honetan, erreportaje zabala GAUR8n.

Miren Amuriza idazle eta bertsolariak eta Malen Amenabar irudigileak paperera eraman dute oholtza gainean zein haren inguruan Anita Maravillas konpainiako kideek eta kolaboratzaileek egiten duten lana. Bertan jaso dituzte haien esanak, noski, baina, obraren hasiera markatzen duen esaldiak argi uzten du, entzun, denak entzun badituzte ere, sinetsi, txotxongiloei sinetsi behar dietela irakurleek.

Amuriza, Amenabar eta Miren Larrea konpainiaren sortzaile eta kidea GAUR8rekin aritu dira liburuaz, kontatzen dituenez eta hura ontzeko prozesuaz. Elkarren ez ezik, Zornotzako Billiken eta Durangoko Artekan ere badago eskuragarri, Iñigo Astiz editore izanda, Anita Maravillasek eta Portal 71k plazaratu duten “Titiritari”.

Txotxongiloei sinesteko gonbita egiten diote egileek irakurleari, haiek kontatzen dutenaren lekuko ez ezik, protagonista ere bilakatuko dutelako. Amenabarrek azaldu du garrantzi handia eman diola bai txotxongiloaren begiradari bai hari begiratzeko moduari ere.

Irudietan ez ezik, Amurizaren hitzetan ere espazio berezia du titereak. Ez da batere ohikoa eskaini dion lekua. Izan ere, normalean autoritatea izango liratekeenek –«helduak, beharginak, dakitenak»– hartzen duten tokia gorde dio txotxongiloari, protagonismoa «beste ahots txiki horri» emanda.

Interesgarria, ezta? Ba larunbat honetan ez galdu Amuriza, Amenabar eta Larrearekin izandako solasaldiaren mamia.