GAUR8

‘Vitoria-NeGrasteiz’ Nobela Beltz eta Poliziakoaren Nazioarteko II. Jaialdia irailaren 26an hasiko da

Gasteizko kaleak misterioz beteko dituen ‘Vitoria-NeGrasteiz’ Nobela Beltz eta Poliziakoaren Nazioarteko II. Jaialdia herrialdera zabalduko da edizio honetan. Urriaren 4tik aurrera, gainera, Europa Jauregia genero beltzaren erdigune neuralgikoa izango da, Cesar Perez Gellida bezalako maisuen parte hartzearekin.

Irailaren 26an hasiko da ‘Vitoria-NeGrasteiz’ genero beltzari eskainitako jailadia.
Irailaren 26an hasiko da ‘Vitoria-NeGrasteiz’ genero beltzari eskainitako jailadia. (NeGrasteiz)

Krelia Arabako Literatur Sortzaileen Elkarteak antolatzen du Nobela Beltz eta Poliziakoaren Nazioarteko II Jaialdia, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin. Hiria genero beltzean blaitzera gonbidatzen duen hitzorduak baditu datak: irailaren 26an hasiko da, eta jaialdiaren jardunaldi nagusiak urriaren 4tik 6ra egingo dira Europa Jauregian.

Nabarmendu dutenez, Estatuko, nazioarteko, Euskal Herriko eta tokiko panoramako idazlerik garrantzitsuenetako batzuk egongo dira data horietan Gasteizen. Aurreratutakoaren arabera, parte hartzaileen artean urriaren 4an jardunaldiak inauguratuko dituen Cesar Perez Gellida dago, baita Leonardo Padura ere, Amurrion familia sustraiak zituen idazle kubatarra.

Hitzaldiak, elkarrizketa sakonak...

Egile, hizlari eta espezialistak ere izango dira jaialdian, hala nola Jose Francisco Alonso, Laura Azcona, Vanesa de la Puente, Patricia Jimenez, Tania Lagunilla, Haizea Lopez, Leire Mauleon, Alex Oviedo, Marisol Perez Urbano, Carlota Suarez, Samuel Vernal, Natxo Artundo, Juan Mari Barasorda, Jesus Camarero, Luis Angel Fernandez de Betoño, Fatima Frutos edo Maria Santorum Alaña.

«Guztiek nobela beltzari eta poliziakoari buruz hitz egingo dute hainbat mahaitan, solasaldien, elkarrizketa sakonen eta liburuen sinaduraren bidez», nabarmendu dute antolatzaileek.

Musikari dagokionez, Iris Penche abeslari, musika eta euskal konpositore gazteak inauguratuko du kartela, eta Joyful Gospel Choirrekin itxiko da programazioa. Joyful Gospel Choir, Gasteizko abesbatza, 40 abeslarik eta jazzean espezializatutako 5 musikari profesionalek osatzen dute, hainbat kontserbatoriotakoak, hala nola Musikene, Iruñeko Pablo Sarasate edo Bartzelonako Lizeoa.

Horren ondoan, eta aurreko edizioan bezala, Nagore Olabuenaga eta bere Urban Dance taldeak girotuko ditu kaleak, eta Arabadendak antolatuta, ‘Hemen pintxo, hemen hilko zaitut’ izeneko ibilbide gastronomikoa egingo da.

Programazio osoa webgunean dago eskuragarri.