Marmitako Eguna ospatuko dute larunbatean Bakion
Prest dute dena Bakion, larunbatean 55. Marmitako Eguna hartzeko. Marmitak eta prestaketan parte hartzen duten lagun taldeak dira eguneko protagonista nagusiak, baina eguna girotzeko, ez da musika eta kale animazioa faltako. Aurten, gainera, iazko parte hartzaile kopurua –94 marmita– gainditu nahi dute.
Larunbatean (hilak 10) Marmitako Eguna egingo dute Bakion, Bidezabal Txokoak eta Udalak antolatuta. 55. edizioa du aurten. Bakiokoa Bizkaian egin den zaharrenetakoa da eta izen handia du.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, udako jaietan «egun seinalatuetako» bat da marmitakoari eskainitakoa Bakion, ez bakarrik herriko jendearentzat, inguruko herrietako jende asko gerturatzen baita, bisitari kopuru handia izaten duen ospakizunera.
Aurtengo edizioan, gainera, iazko marmiten kopurua (94) gainditzea aurreikusten dute arduradunek. Iragarri dute, era berean, prestaketan arituko diren sukaldari eta laguntzaile taldeen inguruan hainbat ekitaldi izango direla kaleak girotzeko.
Aurreratu dutenez, «jai egun bat diseinatu» dute parte hartzaileentzat eta bisitarientzat, «guztiek parte hartu eta protagonista izan ahal izateko».
Egitarauari dagokionez, Bidezabal Txokoak Bihurri Aizkolariak elkartearen laguntzarekin antolatutako herri kirolen erakustaldia nabarmendu dute. «Horrek goizean zehar bertaratzen direnen gozamenerako jarduera batzuk ekarriko ditu, kuadrilletako sutegiak pil-pilean egongo diren bitartean», adierazi dute antolatzaileek, musikak goizean zein arratsaldean izango duen protagonismoa azpimarratuz.
Bestalde, enpresa eta saltokien laguntza eskertu dute antolatzaileek, bakiotarren eta bisitarien gozamenerako ekitaldia posible egiteko «hartu duten konpromisoagatik eta emandako laguntzagatik».