Bisita gidatuak antolatu dituzte Iruñean, euskal pilotaren jatorriak ezagutzeko
Euskal pilotaren jatorriak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Iruñeko Udalak abendura arte. Bi orduko iraupena dute eta pilota modalitate ezberdinen erakustaldia eskaintzen dute.
Iruñeko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu euskal pilotaren historia ezagutarazteko. Ondare kultural eta turistiko gisa sustatuta, zortzi bisita programatu ditu ‘Euskal pilotaren historiaren ibilbidea Iruñean’ izenburupean.
Saioak gaur bertan hasiko dira eta abiapuntua Nafarroako Errege Artxibategian izango da (Maiatzaren Bia kalea). Bisitak euskal pilota jokoen jatorria eta bilakaera ezagutzea proposatzen du, garai batean pilotan jokatzen zen kale eta plazetatik zehar egindako ibilbidean. Hiriko frontoi nagusiak ere bisitatuko dira.
Bisitak bi orduko iraupena du, 18.30etik 20.30era, eta lau geraleku izango dituen ibilbide gidatua du: Mañuetako pilotalekua, Gazteluko plaza, Jito-Alai eta Labrit pilotalekua.
Labriten, hain zuzen ere, frontisari buruzko ikus-entzunezkoen proiekzioarekin amaitzen da bisita, eta, ondoren, euskal pilota modalitate ezberdinen erakustaldia egiten da eta frontoiko kantxara jaisteko aukera eskaintzen da, hainbat tresna probatzeko.
Jardueraren prezio orokorra, 14 urtetik aurrera, 5 eurokoa da, eta 4 eurora murrizten da Pamplona Iruña Card (PIC) txartelarekin. 14 urtetik beherakoek doako sarrera dute. Aurreikusitako datak honako hauek dira: abuztuak 9 eta 16; irailak 6 eta 13; urriak 11; azaroak 1 eta abenduak 6 eta 27. Bisitak gaztelaniaz egingo dira, irailaren 6koak eta azaroaren 1ekoak izan ezik, horiek euskaraz baitira.
Bisita librea Labriten
Bisita gidatuez gain, abuztuan hasi eta irailaren 30era arte, Labrit pilotalekua bisitetara irekita egongo da, doako sarrerarekin, programatutako ekitaldiak egiten ari direnean izan ezik. Ordutegia hau da: astelehenetik ostiralera, 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 21.00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan, bisita horiek ez daude eskuragarri. Informazio gehiago eskuratzeko, 948 222 176 telefonora deitu edota www.fnpelota.com webgunean aurki daiteke.
Abuztuaren 24tik 31ra, Labrit pilotalekuak 22 urtez azpiko Munduko XI. Euskal Pilota Txapelketa hartuko du, bost modalitatetan jokatuko dena: esku pilota (banaka eta binaka), larruzko paleta, pala motza, banakako zesta-punta (gizonezkoetan), binakako zesta-punta (emakumezkoetan).