Batzordeetan eta osoko bilkuretan herritarren eta eragile sozialen parte hartzea ahalbidetu du Sopelako Udalak
Udal batzordeetan eta osoko bilkuretan herritarren eta eragile sozialen parte hartzea ahalbidetzen duen erregelamendua eguneratu dute Sopelan. Arauketa berriarekin publikoak izango dira informazio batzordeak eta hitzartzeak egiteko aukera egongo da saio horietan zein osoko bilkuretan.
Irailean indarrean jarriko dute Sopelan udal erregelamendu organiko berria, herritarren eta eragile sozialen parte hartze zuzena ahalbidetuko duena.
Udalak azaldu du ekainean onartu zutela erregelamenduaren eguneraketa. «Orain arte Udaleko informazio batzordeak ateak itxita egiten ziren», zehaztu du. Arauketa berriarekin, batzordeak publikoak izango dira, irailekoetatik hasita.
Nabarmendu dutenez, «edozein herritar bertaratu daiteke batzordeetara», eta batzordearen bukaeran izango du parte hartzeko aukera, erregu eta galderen tartean.
«Horrela, informazio batzordeek osoko bilkuren funtzionamendu berdina izango dute. Salbuespen bakarra egongo da: udal langileekin zerikusia duten puntuak ateak itxita egin ahal izango dira; hau da, publikoak ez izateko aukera egongo da, langileen pribatutasuna bermatzeko», azaldu dute.
«Hitzartzeak egiteko aukera izango dute gai ordeneko puntuetan, bai informazio batzordean bai osoko bilkuretan». Atal honetan, baldintza bat dago: «puntu horietan interes nabaria izan beharko dute, modu egokian arrazoituta».
Eskaria aurretik
Udal saioetan hitz egiteko, batzordea edo osoko bilkuraren aurretik egin beharko dute eskaria, «aurreko egun baliodunaren 13.00ak baino lehen, udal erregistroaren bidez». Zehaztu dute, halaber, alkateak zein batzordeetako lehendakariek izango dutela azken erabakia, «udal idazkariaren eta batzordeko idazkarien aholkupean».
Batzordeetan zein osoko bilkuretan jorratuko diren gaiak ezagutzeko, gogoratu du Udalak udaletxeko ohar-taulan, webgunean eta sareetan eta egoitza elektronikoan argitaratuko direla gai ordenak.
Herritarren eta eragile sozialen hitzartzeak gaiaren eztabaida hasi aurretik izango dira, eta horren harira udal gobernuak azaldu du helburua ez dela eztabaida bat sortzea interesatuen eta zinegotzien artean, baizik eta «gaian interes arrazoitua duten herritar edo eragile sozialen iritzia jasotzea». Hitzartzeen iraupena ere arautu dute, «bost minututakoak gehienez».
Gaiak mozio bidez aurkezteko aukera ere ematen du araudiak, orain arte beharrezkoa zen alderdien parte hartzerik gabe: «herriko elkarteek edo erroldatutako adin nagusien %1k ere zuzenean aurkez eta defenda ditzake mozioak, alderdi politikoen ordezkaritzarik gabe».
Osoko bilkura baino astebete lehenago erregistratu beharko lirateke mozioak, «idazkariak mozio horien egokitasun juridikoa aztertu behar baitu».