Izena emateko epea zabalik dago euskaraz mintzapraktika egiteko egitasmo ezberdinetan
Euskaraz mintzapraktika egiteko dauden proiektuek izena emateko epea zabaldu dute, eskaintza zabal bat plazaratuz. «Euskararen erabileran jauzi bat egon behar dugun momentu honetan» euskaraz hitz egiten laguntzen eta animatzen duen ekimenak duen garrantzia azpimarratu du Topaguneak.
‘Eta euskaraz egiten badugu?’ lelopean, izena emateko epea zabaldu dute euskaraz mintzapraktika egiteko Mintzalagun edota Berbalagun moduko egitasmo guztietan. Horrela jakinarazi du Euskaltzaleen Topaguneak ohar batean, programaren barruan dauden aukera anitzak eta duen funtzionamendua sinplea azpimarratuz.
«Euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gairen inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan», azaldu dute ekimena ezberdinek jarraitzen duten dinamikaz.
Hiru hamarkadaren langa gainditu du ekimenak, eta «indartsu» jarraitzen duela azpimarratu du euskararen aldeko erakundeen topaguneak. Izan ere, 8.000 lagun inguru biltzen ditu urtero, aurrez aurre funtzionatzen duten taldetan zein online egiten direnetan.
Azken aukera hori pandemia garaietan sortu zen, «eta mugak hautsi zituen munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleei ere euskara praktikatzeko aukera zabalduz». Denborarekin, proiektuak «beste behar batzuk asetu eta eremu berriak konkistatu ditu, geroz eta hartzaile anitzagoengana iritsi asmoz».
Euskara elkarteak eta euskaltegiak
Hainbatetan zaletasun komunen inguruan sortzen dira euskaraz praktikatzeko taldeak, kafetegi batean kafe baten bueltan hitz egiteko edota yoga praktikatzen dugun bitartean. «Yoga taldeak, kakorratz taldeak, mendi taldeak, boxeo taldeak, bizikleta taldeak, mahai jolas taldeak, antzerkia elkarrekin ikusteko taldeak, abesteko taldeak, ortua lantzeko taldeak… benetako adibideak dira, errealitatea dira hainbat herritan eta ezin hobeto funtzionatzen dute», zehaztu dute Topagunetik, ekimenak harreman berriak euskaraz eraikitzeko duen gaitasuna aipatuz.
Nabarmendu dute, bestalde, «euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, «oso azpimarragarria» dela Mintzapraktikak egitasmoak alor horretan egiten duen ekarpena. «Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz».
Izena emateko interesa dutenek herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezakete, dauden taldeak ezagutu eta talde berriak proposatzeko. Horrez gain, eskaintzaren berri eta izena emateko aukera dago www.mintzalaguna.eus webgunean.