GAUR8
Gaur X urte

Brigitte Bardot aktore ezagunak 90 urte bete ditu gaur

Brigitte Anne-Marie Bardot (Paris, Estatu frantsesa, 1934ko irailaren 28a) erretiratutako aktore, abeslari eta modeloa da. Animalien eskubideen aldeko ekintzailea izateaz gain, bere izena daraman fundazioaren sortzailea eta lehendakaria ere bada. Eskuin muturrarekin bat egin izan du askotan.

Brigitte Bardot aktorea eta modeloa izan zen.
Brigitte Bardot aktorea eta modeloa izan zen. (CC BY-SA 3.0 WIKIMEDIA COMMONS)

90 urte bete ditu gaur Brigitte Anne-Marie Bardotek. Parisen sortu zen, 1934ko irailaren 28an, eta giro burges batean hazi zen. Hezkuntza zorrotza jaso zuen ahizparekin batera. Txikitatik anbliopia jasan zuen, eta horrek ezkerreko begiaren bidez ikustea eragotzi zion.

1952an hasi zen aktore lanetan. Nahiz eta parte hartu zuen lehendabiziko pelikula ez izan, ‘Eta Jainkoak emakumea sortu zuen’ 1957an Roger Vadim-ek zuzendutako filmeko protagonista lanarekin lortu zuen nazioarteko arrakasta. Gero, 1963ko ‘Le Mépris’ filmeko protagonista izan zen, eta Louis Mallen ‘Viva Maria!’ filmeko antzezpenagatik (1965) atzerriko aktorerik onena izendatu zuten BAFTA Sarietan.

47 filmetan parte hartu zuen, baita hainbat musikaletan ere, eta 60 abesti baino gehiago grabatu zituen. Ohorezko legioa eman zioten 1985ean, baina ez zuen onartu. 1973an erretiratu zen Bardot zinematik, eta animalien eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu zen.

Oso pertsonaia polemikoa da. 1990eko hamarkadan immigrazioa, homosexualitatea eta islamarekin oso kritikoa izan zen eta sarritan adierazpen xenofoboak egin izan ditu: hori dela eta, bost aldiz ordaindu behar izan ditu isunak.

Dena dela, herri kulturaren ikono garrantzitsua izaten jarraitzen du Bardotek.