Zaldialdia egingo dute Zornotzan urriaren 27an, zaldien sektoreari eskainitako lehen azoka
Urriaren 27an Zaldialdia estreinatuko da Zornotzan, lehen aldiz zaldien sektoreari eskainitako azoka bat arloari balioa eman eta ezagutarazteko. Arraza ezberdinetako zaldiak izango dira ikusgai eta salgai, eta arloarekin lotutako produktuak eskainiko ditu.
Zaldien sektoreari eskainitako Zaldialdia azoka egingo dute Zornotzan urriaren 27an. Mota honetako lehen hitzordua da, «etengabe hazten dabilen sektorea ezagutarazi eta balioan» jartzeko. Izan ere, zaldien sektoreko elkarteek eta federazioek antolatzen dute hitzordua, erakundeen laguntzarekin.
Lehen sektoreko profesionalei eta zaletuei zuzenduta, azokak kiroleko zaldiak eta Euskal Herriko arraza autoktonoak erakutsiko ditu: Euskal Herriko mendiko zaldia, Pottoka eta Enkarterrietako Astoa.
Azoka Jauregibarria auzoan egingo dute eta 120 animalia baino gehiago izango ditu ikusgai, baita salgai ere horietako batzuk. Salgai jarriko diren espezieen artean, zehaztu dute haragiko zaldiak, erresistentzia eta jauzi txapelketak irabazitako batzuk, pottokak, Enkarterrietako astoak edota mendiko zaldiak daude, besteak beste.
Antolakuntzatik nabarmendu dute «gero eta gehiago» direla EAEn «lehen sektoretik zaldien alorra arrakastaz bultzatu, hobetu eta sustatzen dutenak, bakoitzak bere esparrutik, arraza autoktonoak berreskuratuz edo horien balioa garrantzian jarriz». Zornotzako lehen azoka honek «aspaldiko asmo garrantzizko bat gauzatzea» suposatzen duela azaldu dute, eta azpimarratu dute lehen aldiz batuko direla eremu batean federazioen eta elkarteen ekoizle eta produktuak.
Jarduera osagarriak
Azokaren inguruan egongo diren beste jarduera batzuk nabarmendu dituzte. Kiroletako zaldien kasuan, balorazio morfofuntzionalak egingo dituzte nazioarteko epaimahaikideek, pottoken erresistentzia oztopo jauziak egongo dira, zero kilometroko produktuen salmenta, moxal okelaren dastatzea eta gaztetxoei zuzendutako beste hainbat ekintza, besteak beste, txapa eta margo tailerrak, paseoak pottoka zein Enkarterrietako astoen gainean.
Antolatzaileen artean, Euskal Herriko Kirol-Zaldi Elkartea, zaldien hautaketa, ugalketa, hazkuntza entrenamendu, balorizazioan eta merkaturatzean aritzen den Lezamako BCSH (Basque Country Endurance Horse); Euskadiko Pottokaren Federazioa, Euskal herriko Mendiko Zaldi Arrazaren Federazioa, Enkarterrietako Astoak (ENAFE) eta Bizkaiko zaldi hazleak biltzen dituen ACCBI elkartea daude.