Erreinu propioa, dibertsitate «oso altua» duena
Onddoen mundua ezagutzeko prestatu dugun bideo sortaren lehen atalean, Joxepo Teres adituak onddoak zer diren azalduko digu, onddoak eta perretxikoak nahastean askotan egiten dugun akatsa zuzenduz.
Asteotan ziur behin baino gehiagotan entzungo ditugula onddo kontuak, mendira “onddo biltzera” joan diren pertsonen gora-beherak, baina era berean askotan aipatzen dira gizakiok eduki ditzakegun onddoak edota baratzeko landarea gaixotu duena. Horrenbestez, ba al dakigu zehazki zer den onddo bat? Joxepo Teres Aranzadiko kidearen azalpenen tartea oinarri horretatik hasi dugu.
«Onddoena bizidunen dibertsitatearen barruan dagoen erreinua da, nortasun propioa duena», argitu du Joxepok. «Garai batean landareen munduan kokatzen zituzten, garai hartako zientzialariek ez zituztelako bizidunak sailkatzeko gaur egun ditugun ezagutza eta baliabideak. Onddoek beren erreinu propioa dute eta, modu ulerterraz batean esateko, antza gehiago dute gurekin, gizakiokin, landareekin baino. Zergatik? Ba gizakiok bezalaxe onddoak ez direlako gai behar dituzten elikagaiak sortzeko. Guk kanpoko elikagaiak behar ditugu bizitzeko eta onddoek ere bai, baina landareek ez, landareak gai dira elikagai hori ekoizteko. Egitura oso sinplea dute, baina hala ere mota desberdin asko daude, forma desberdinetakoak, leku oso desberdinetan bizi direnak, bai lurzoruan, bai zuhaitzetan, bai arroketan...».
Hiztegiak sortzen duen nahasmenaren beste adibide bat da onddoak eta perretxikoak nahastearena. Egunotan jendeari hortzak zorroztuko zaizkio ingurukoren batek onddoak bildu dituela entzundakoan, seguruenik onddo zuriez (Boletus edulis) edota onddo beltzez ariko da (Boletus aereus), baina bildutako horiek perretxikoak dira, onddoen fruituak.
«Bereiztu beharko litzateke onddoa eta perretxikoa ez direla gauza bera. Askotan onddo beltza edo onddo zuria aipatzen ditugu, eta herritarren artean nahasmen bat sortzen da. Onddoak beti daude hor, lur azpian, mizelio deitzen duguna. Zelulaz osatutako hari moduko batzuk dira, oso sinpleak, eta horiek, baldintza egokiak ematen baldin badira, fruitua ematen dute. Guk ikusten duguna onddoen fruitua da, perretxikoa. Konparaketa eginez, landare batek lorea ematen du lehenik eta lore horrek fruitua ematen du ondoren», dio Joxepok.
Eta merezi du onddoen erreinua deskubritzeak, normalean sukaldaritzan aipatu ohi diren espezie dozena horretatik harago dibertsitatea «ikaragarria» delako, Joxeporen hitzetan. «Mota eta forma desberdin askotakoak daude. Likenak, esaterako, lehen landareak kontsideratzen ziren baina orain badakigu onddoak direla, onddo sinbiotikoak. Habitat oso desberdinetan, kolore desberdinetakoak, inbaditzaileak ere bai... Dibertsitatea oso altua da», errepikatu digu.
Bat-bateko erantzunean gutxi gora-beherako kopuru batzuk ere aipatu dizkigu, baina zientzialaria izaki, idatziz pasa dizkigu zenbaki zehatzak. Aranzadi mikologia departamentuko datu basean 44.665 erregistro zituzten elkarrizketa egin zenean, irailaren amaieran; Aran-Fungi herbarioan 28.233 zituzten jasota; Euskal Herriko onddoen erregistro kopurua 7.646koa zen; herbario horretan 5.321 onddo espezie desberdin zituzten jasota; Gipuzkoan 3.388 espezie desberdin zituzten erregistratuta; eta horietatik 3.162 herbarioan jasota.