GAUR8

Elhuyarrek, Ikerlanek eta MasOrangek bat egin dute UPV/EHUko HiTZ Katedrarekin

UPV/EHUko Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiako (IA&TL) HiTZ Katedrari atxiki zaizkio Elhuyar Fundazioa, Ikerlan zentro teknologikoa eta MasOrange enpresa. Unibertsitateak iraultzailetzat jo du adimen artifizialak hizkuntzaren teknologietan izan dezakeen aplikazioa.

Zentro ezberdinetako ikertzaileen elkarlana hizkuntzarekin lotutako teknologietan zentratuko da.
Zentro ezberdinetako ikertzaileen elkarlana hizkuntzarekin lotutako teknologietan zentratuko da. (UPV/EHU)

Elhuyar Fundazioak, Ikerlan zentro teknologikoak eta MasOrange enpresak bat egin dute Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiako (IA&TL) HiTZ Katedrarekin.

Josu Bilbao Ikerlaneko Teknologia Digitalen eta IAren zuzendariak azaldu duenez, katedrak aukera ematen dio zentro teknologikoari adimen artifizialari (AA) buruzko ezagutza gizarteari transferitzeko eta «AA aplikatuaren aldeko gure ikerketa-lana indartzen jarraitzeko».

Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NLP zentroko koordinatzaileak adierazi duenez, «oso garrantzitsua da Elhuyarrentzat katedran parte hartzea adimen artifizialeko Orai NLP zentroaren bidez, hizkuntzaren teknologietan ikertzen jarraitzeko eta konponbideak merkatuaren beharretara egokitzeko».

Elisa Peran MasOrangeko Talentuaren zuzendariak azpimarratu duenez, Katedrak «esparru bikaina eskaintzen die ikasleekin zuzenean lan egiteko AA eta hizkuntzaren teknologiak benetako arazoetan aplikatzeko».

Estatuaren estrategia

UPV/EHUko Adimen Artifizialaren eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedra Adimen Artifizialaren Estatuko estrategiaren barruan dago, eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren deialdian hautatu dute, adimen artifizialari buruzko ikerkuntzan, dibulgazioan, irakaskuntzan eta berrikuntzan diharduten unibertsitate-katedrak finantzatzeko.

Ministerioak aukeratutako 21 katedretatik hau da hizkuntzaren teknologiari eskainitako bakarra eta EAEn garatuko den bakarra. Katedran, UPV/EHUko Informatika Fakultateko AAko lau taldetako ikertzaileek parte hartzen dute –horien artean aipatzekoak dira HiTZ-Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroa–, baita Avature enpresak ere, talentuak eskuratzeko eta kudeatzeko teknologiaren arloan aitzindaria denak.

Katedrak, gainera, lankidetza publiko-pribatua sustatu nahi du hizkuntza-teknologiari aplikatutako AAren esparruan. «Hizkuntzaren teknologia giza hizkuntza ulertu eta interpreta dezaketen algoritmoen eta sistemen garapenean oinarritzen den IAren eremua da», adierazi dute unibertsitatetik.

Gaineratu dutenez, «eremu hau iraultza bat gidatzen ari da AAren barruan, gizartea aldatzen ari diren aplikazioekin, hala nola itzulpen automatikoa, ahots bidezko elkarrizketa-sistemak edo ChatGPT edo Gemini bezalako sistema sortzaileak».

Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiako HiTZ Katedrak «asmo handiko» programa du teknologia horretan euskal unibertsitate publikoak duen «lidergoa indartzeko», bai eta atxikitako enpresen AAko gaitasunak handitzeko eta herrialdea abangoardia teknologikoan kokatzeko ere, katedraren zuzendari Aitor Soroak nabarmendu duenez.