‘Txakoli Bizi’ abiaraziko dute ostiralean Aiaraldean, tokiko produktuen erakusleiho enogastronomikoa
Azaroaren 8tik 24ra programazio zabal bat eskainiko du Aiaraldeko Kuadrillaren Turismo arloak, eskualdea bera eta tokiko produktuak erakusteko antolatutako hainbat jarduera enogastronomikoren bidez. ‘Txakoli Bizi’ izeneko ekimena brindis batekin abiatuko da. Parte hartzeko aurretik eman behar da izena.
Azaroaren 8tik aurrera, Txakoli Bizi programazioaren IV. edizioa jarriko dute martxan Aiaraldean. Helburua eskualdea bera eta tokiko produktuak ezagutzera ematea da, eta horretarako, hainbat jarduera eta esperientzia enogastronomiko prestatu dituzte.
Arabako txakolina da eskualdeko izar handietako bat, baita gazta ere. Izan ere, Gernikako Urriko Azken Astelehenean lehen saria eskuratu berri duen Aguiñiga gaztandegi aiararrean abiatuko da ekimena ostiral arratsaldean brindis batekin.
Armuru Txokoan dago ostiralerako antolatutako beste hitzorduetako bat, bermutaren inguruko tailerra egingo baitute bertan, Barañano Likorretako Gaizka Barañanok gidatuta. Antolatzaileen esanetan, «Aukera bikaina da bermut prestatua egiten ikasteko».
Larunbatean, ‘Gusutuaren Laborategia’ egingo dute Laudioko Kasinoan. Aitor Buendia ‘La Ruta Slow’-ko kazetariak koordinatuko du saioa, eta «hestebeteak, gaztak, barazkia, ‘shitakeak’, eztia, marmeladak eta Arabako Txakolina dastatu ahal izango dira.
Egun horretan bertan, arratsaldean, Artomaña Upategian jarraituko du programazioak Jose Ignacio Junguitu enologoaren parte hartze izango duen dastatze saio batekin.
Tokiko produktueak izango dira protagonistak berriz igandeko saioan. Laudioko Kasinoan izango da hau, Zigor Iturrieta Txoriene saioko sukaldaria eta aurkezlearen eskutik.
Koktelak eta etxeko likoreak
Azaroaren 13an, Artomaña Upategian, Arabako Txakolina JDko cocktailaren diseinuari buruzko tailer bat eskiniko du ‘Txakoli Bizi’-k, eta 15erako, etxeko likoreak egiteko tailerra proposatu du.
Tailerrak, dastatze saioak... eta kirola, musika edota antzerkia bezalako osagaiak dituzten hitzordu ugari prestatu dituzte azaroaren 24ra arte ‘Txakoli Bizi’ egitarau berriaren barruan.
Ekitaldietan parte hartzeko, aurretik eman behar da izena Aiaraldea Kuadrillaren webgunean.