Zientziaren Astea antolatu du Mondragon Unibertsitateak Arrasaten, STEAM bokazioak sustatzeko
Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea helburu duen jarduera eta tailer sorta bat antolatu du Mondragon Unibertsitateak Zientzia Astearen barruan. DBHko eta Batxillergoko ikasleei zuzenduta dago programazioa, eta Arrasaten abiatuko da, ‘Escape Room’ batekin.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak tailer eta jarduera sorta bat antolatu ditu azaroaren 11tik 15era, DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko.
Arrasaten ‘Escape Room’ bat prestatu du, ikasleek «STEAM bokazioen misterioak ezagutzeko», alor horretako erreferenteak ezagutzeko eta haiekin elkarreragiteko hitzaldia, eta familiei irekitako programazio tailer bat.
Gainera, duela 25 urtetik hona antolatzen duen arrautza-jaurtiketa txapelketa ere egingo da, ikasleei ikasgelan eskuratutako gaitasun zientifiko-teknologikoak praktikan jartzen laguntzeko. Oraingoan ikasleak izango dira protagonistak, eta azaroaren 8ra arte 60 segundoko bideo bat bidali ahal izango diete lehiaketaren antolatzaileei.
Jaurtiketa, arrautza apurtu gabe
Txapelketa tamaina ertaineko (egosi gabeko) arrautza bat jaurtitzean datza, haiek diseinatutako tramankulu baten barruan, eskolako leiho batetik edo hurbileko eraikin batetik, eta lurrean lurreratu beharko da arrautza hautsi gabe. Tramankulu hau egiteko, ikasleek ukipen-kola eta soka kartoi mehea baino ezin dute erabili.
Irabazleak azaroaren 15ean jakinaraziko dira Arrasateko campusean. Talde irabazleak ‘Zure ideiak sortzeko tailerra’ saria jasoko du. Bertan, beraiek sortutako produktuak ekoitzi ahal izango dituzte, 3D marrazkiekin, 3D inprimaketarekin eta laser ebaketarekin. Era berean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko laborategiak eta campusak ezagutzeko aukera izango dute.
Hilaren 13an, asteazkena, Garaia parke teknologikoan izango da jardueretako bat. Danobatgroup kooperatiba eta industria taldeak hitzaldi bat emango du, eta bertaratzen direnek inguruko STEAM enpresa eta erreferenteak eta Danobat eta Ideko ingeniariak ezagutzeko aukera izango dute.