GAUR8

EHUko Uda Ikastaroen 44. ediziorako proposamenak jasotzeko epea zabaldu dute

Azaroaren 30era arte UPV/EHUko Uda Ikastaroen 44. ediziorako proposamenak jasoko dituzte. «Ezagutzaren transferentziarako topagune» den programazioaren diseinuan, «herritar orori zuzenduriko kalitatezko eskaintza» ontzea da helburua.

Aniztasuna eta bizikidetzaren inguruko solasaldia, UIK-ren aurreko edizioan.
Aniztasuna eta bizikidetzaren inguruko solasaldia, UIK-ren aurreko edizioan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egingo dira UPV/EHUko 2025eko Uda Ikastaroak (UIK), eta jorratuko dituzten edukiak diseinatzeko askotariko esparruetako kideen proposamenak jasotzeko tartea zabaldu dute.

Unibertsitatea herritarrengana hurbiltzea «bizitza osoan zehar ezagutza eguneratzeko», eta gizartean «garrantzitsuak diren gaiei buruz sentsibilizatu eta eztabaidatzeko prestakuntza ematea da UIK-ren xedea», gogoratu dute ohar batean.  

Bide horretan, gonbidapena luzatu du UPV/EHUk «ezagutzaren transferentziarako topagune gisa herritar orori zuzenduriko kalitatezko eskaintza» osatzeari begira. Zehaztu duenez, Uda Ikastaroetako Programa Batzordeak aztertuko ditu proposatutako gaiak, eta «gaien interesa eta gaurkotasuna, hala nola, hizlarien eta edukiaren kalitatea eta koherentzia ezinbestekoak dira».

Gogoratu du, halaber, formatu askotakoak izan daitezkeela ikastaroak, eta alderdi horri begira, UIK-k araudian eskuragarri duen laguntza gidaren erabilera aholkatu du, metodologia parte-hartzaileak txertau aldera, esaterako.

Azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak UIK-ren online plataformaren bitartez. Bertan eskuragarri dago, era berean, 2025eko edizioaren antolakuntzarako araudia.