GAUR8
Gaur X urte

Duela 65 urte egin zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen edizioa

Gaurko egunez egin zuten, lehenengoz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 1959an egin zuten, Eibarren, eta Manuel Olaizola ‘Uztapide’ izan zen irabazle.

Argazkian eskuman ageri den Uztapide gailendu zen txapelketan.
Argazkian eskuman ageri den Uztapide gailendu zen txapelketan. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

1959ko azaroaren 8an egin zuten lehedabizikoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, gaurko egunez, hain zuzen ere. Ekitaldia ‘Zazpi handiak eta zazpikoak’ izenaz ere ezagutzen da eta Eibarren egin zuten.

Azaroaren 8ko arratsaldean elkartu ziren Eibarreko udaletxe aurreko Untzaga plazan, hotzari aurre eginez. 5.000 entzule inguru egon ziren bertsolariei adi, Joan Antonio Mogel idazlea omentzeko antolatutako astearen aitzakiarekin jokatu zuten txapelketan.

Gipuzkoan momentu horretan ospe gehien zuten bertsolariak bakarrik deitu zituzten Txapelketara, Iñaki Eizmendi ‘Basarri’ izan ezik. Horrela, Manuel Olaizola ‘Uztapide’, Joxe Joakin Mitxelena, Manuel Lasarte, Akilino Izagirre ‘Zepai’, eta Joxe Lizaso. Azken aldian ongi zebiltzan bi gazte gehitu zizkioten taldeari: Joxe Agirre, Aginan Luistarren txapelketan lehenengo geratutakoa zena, eta Txomin Garmendia, Ordizian Gipuzkoako bertsolari gazteen txapelketa irabazi zuena.

Manuel Olaizola ‘Uztapide’ gailendu zitzaien gainontzekoei. Zestoarra zen eta 40 urte zeuzkan irabazi zuenean. Zazpi bat urterekin hasi zen bertso paperak buruz ikasten eta 16 zituenerako bertso zaharrez beteta zeukan burua. Bere lehen jendaurreko saioa Lasturren, Deban, egin zuen, 1935ean. Hurrengo urtean, hogeita sei urterekin, Bertsolari Txapelketa Nagusira aurkeztu eta bigarren gelditu zen, Txirritaren ondoren.