Grafik Sarea, Sartu Alava, Elkar San Prudencio, Hyundai Eska eta Jimmy Jazz saritu dituzte euskararen alde egindako lanagatik
Arabako esparru sozioekonomikoko bost proiektu saritu dituzte Lazarraga Sariek, euskararen alde egiten duten lana nabarmentzeko: Grafik Sarea, Sartu Alava, Elkar San Prudencio, Hyundai Eska eta Jimmy Jazz.
Grafik Sarea (Laudio), Sartu Alava (Gasteiz), Elkar San Prudencio (Gasteiz), Hyundai Eska (Laudio) eta Jimmy Jazz enpresak saritu dituzte Lazarraga Sarien 2024ko edizioan, Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanagatik.
Ostegunean banatu ziren sariak Artium museoan, lan-munduko, euskalgintzako eta Arabako erakundeetako ordezkariak bertan zirela.
Ekitaldia Bai Euskarari Elkarteak antolatu du Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Bertan izan ziren Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkularia.
«Zuen enpresetara jotzen duten gazteak eskolatik eta kaletik euskara ikasi dutenak dira, eta orain aukera paregabea dute zuen enpresetan euskara erabiltzeko. Has gaitezen Lanbide Heziketatik datozen gazteei praktikak euskaraz egiteko ateak irekitzen», adierazi zuen Gonzalezek.
Madernaz del Pozok gogorarazi zuen ELENen (European Language Equality Network) batzar nagusiak «euskara larrialdi linguistikoan» dagoela ohartarazi berri duela, eta egoera horrek «berehalako neurri eraginkorrak hartzera» eraman behar duela.
«Lan-munduan euskaraz eroso lan egiteak estrategikoa izan behar du datozen urteetako hizkuntza-politiketan. Hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa ezin da lan munduan galdu», defendatu zuen.
Sarituak
Aldundiak azaldu zuenez, Red Grafik brandingek seinaletika eta produktu korporatiboen arloan lan egiten du Laudion, eta 2011tik Bai Euskarari Ziurtagiria du ‘Zerbitzua Euskaraz’ mailan.
Sartu Araba irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta zerbitzu publikoaren ikuspegitik eta baliabide-sarearekin gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzea du helburu. 2018an Bai Euskarari ziurtagiria lortu zuten ‘Euskararen bidean’ mailan.
Elkar San Prudentzio, Gasteizen kokatua, Euskal Herri osoan dendak dituen enpresa da, eta Bai Euskarari ziurtagiria du, ‘Euskararen Bidean’ mailan.
Hyundai Eska automobilgintzan aritzen den enpresak Laudion eskaintzen ditu bere zerbitzuak. Bai Euskarari Ziurtagiria du 2010etik, eta bost langiletik lau euskaldunak dira.
Azkenik, Gasteizko Jimmy Jazz kultur aretoak Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu berri du, ‘Euskararen Bidean’ mailean.