Duela bi urte hil zen Hebe de Bonafini ekintzaile argentinarra
Hebe de Bonafini, Mayo Plazako elkarteko presidentea, duela bi urte hil zen, 93 urte zituenean. Videlaren diktadura garaian desagertutako bi semeren ama zen eta hamarkada luzez Giza Eskubideen borrokan jardun zuen. Hiru eguneko dolu nazionala deitu zuten Argentinan.
Buenaventura Durruti anarkista eta Franco diktadorea hil ziren egun berean, eta Santiago Brouard eta Josu Muguruza erail zituzteneko urteurrenean, jakin genuen Hebe de Bonafini zendu zela. 2022. urteko azaroaren 20a zen eta egun batzuk lehenago, hilaren 10ean zehazki, Maiatzaren Plazan izan zen Bonafini, ostegunero legez.
94 urte egiteko egun gutxi falta zituen hil zenean. 1928ko abenduan jaio zen La Platan, Buenos Aires probintziako hiriburuan. Jatorri umileko etxekoandrea, hiru seme-alaba izan zituen, eta lehen biak ikasle mugimenduan jardun zuten unibertsitate garaian. 1976tik 1983ra bitartean Argentinako agintean izan zen diktadura militarrak bahitu egin zituen gazteak. Junta Militarrak (1976-1983) desagerrarazi zituen 30.000 argentinarren artean zeuden bere semeak.
1979an sortu zuen Bonafinik Mayo Plazako elkartea eta, beste ehunka ama eta amonekin batera, dozenaka manifestazio egin zituen desagertuekiko justizia egitea aldarrikatzeko. Ostegunero elkarretaratzea egiten hasi ziren, ikur bihurtu zituzten zapi zuriak buruan, argentinar hiriburuko Maiatzaren plazan den obelisko inguruan, presidentearen egoitza den Etxe Arrosaren parean.
Hasieran Gobernu Militarrari beren seme-alabak non ziren itaunka, eta behin demokrazia ezarrita, itzuliko ez diren gazte guzti horien omenez. Gerora bitan banatuko zen amen elkartea giza eskubideen aldeko borrokaren ikur bihurtu zen nazioartean.