Aizpea Goenaga Mendiolak 65 urte bete ditu
Aizpea Goenaga Mendiolaren urtebetetzea da gaur. Duela 65 urte jaio zen, Donostian. Aktore, zinema zuzendari eta idazlea da. Antzerki, zinema eta telebista munduan ibilbide luzea egin du, antzezpenean ez ezik, gidoigile eta antzerki idazle gisa ere bai. Etxepare Institutuko lehendabiziko zuzendaria ere izan zen.
«Atzera begiratu eta pentsatzen dut, zenbat ordu, zenbat lan... Eta batzuetan, zein bakarrik!». Hala adierazi zion gaur 65 urte betetzen dituen Aizpea Goenaga Mendiolak GARA eta NAIZi maiatzean Artefaktua sailerako egindako elkarrizketan.
Etxepare Institutuko lehen zuzendari gisa egin zuen ekarpenaz mintzo zen. 14 urte igaro dira, baina egindako esfortzu eta lanak ongi gogoan ditu Goenagak, baita lortutakoagatik sentitzen duen harrotasuna ere.
2010a zen, krisialdi ekonomiko bete-betean geunden. Instituzioa zerotik eraikiko zuen taldeko buru izatea egokitu zitzaion, eta lan ugari eta are neke handiagoko uneak izan ziren berarentzat. Aktore, zinema zuzendari, idazle eta beste pila bat ofizio ere baditu donostiarrak, eta denak alde batera utzi behar izan zituen erakunde berria abian jartzeko.
Merezi izan zuen. Harrotasunez solastatzen da orduan lortutakoaz eta gaur egun Etxepare Institutua denaz. Izan ere, lortu zuen erakundea ez ezik, euskara eta euskal kultura mundura ateratzea, gaurko egunera arte dirauen txokoa zabalduz.
2016an kargua utzi zuenetik Irungo Oiasso Erromatar Museoko koordinatzaile lanetan ibili da, aldi berean beste proiektu artistikoekin jarraituz.
Antzerkian
Tanttaka Antzerki Taldearekin, ‘Dakota’ eta ‘Pecata Minuta’ lanetan parte hartu du, besteak beste. Hainbat telesailetan ere aritutakoa da, Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo. Telebistarako egin dituen gidoigile lanez gain, Donostia Hiria Saria irabazi zuen euskarazko antzerkiari eskainitako sailean ‘Zu(t) gabe’ lanarekin.
2000. urtean, ‘Antzezten... teketen ten!’ haur antzerkiari buruzko liburua argitaratu zuen. 2002an, berriz, haurrentzako abentura liburu bat, ‘Lauterdi pirataren altxorra’, eta 2004an Santurtziko Serantes Kultur Aretoak ematen dituen Testu Dramatikoen Serantes Saria irabazi zuen, euskarazko atalean, ‘Agur betirako’ antzerki lanarekin.
Zineman, hamaika pelikulatako antzezle izan da –‘Agur Etxebesteǃ’, ‘Soinujolearen semea’, ‘Dragoi Ehiztaria’ eta ‘Obaba’, berrienak–, eta zuzendari ere bai –‘Sukalde kontuak’, ‘Zeru Horiek’ eta ‘Duplex’–.
2021ean euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.