Kalteberatasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazteko sarea sortu dute Bizkaian
Gertu Kultura zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen kulturarako sarbidea erraztu nahi duen programatzaileen sarea aurkeztu dute Bilbon. Besteak beste, etxegabeekin, pertsona migratzaileekin edota desgaitasuna duten lagunekin lan egingo du.
Gertu Kultura Bizkaia programatzaileen sarea aurkeztu du BBK Fundazioak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazteko helburuz jaioa.
Gertu Kulturak etxerik gabeko pertsonekin, migratuekin edo askatasunaz gabetuekin, gaixo kronikoekin, adikzioen biktimekin edo desgaitasuna duten pertsonekin lan egingo du, besteak beste.
Ohar batean azaldu dute herrialdeko kultur eskaintzak publiko guztientzat «bermatuta» egon behar duela, eta «ezinbestekoa» dela kultur sektore osoa inklusioarekin inplikatzea.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak babestu dute, eta BBKren ‘Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 Estrategiaren’ parte da. Nabarmendu dutenez, estrategia 2025ean jarriko da martxan, eta «aldaketa sozialaren eragile» izango da.
Nora Sarasola BBK Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazi duenez, helburua «benetako aukera-berdintasuna sustatzea» da.
Kultur Kabia erakundeak sustatzen du Gertu Kultura. Marta Font erakundeko arduradunak adierazi du irabazi-asmorik gabeko ekimenak «bizi-kalitatea hobetzea», hazkunde pertsonala «sustatzea» eta «bazterketa-arriskuan» dauden pertsonen bizitza kulturala «normalizatzea» duela helburu.
Kalteberatasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte-erakundeek sarrerak erreserbatu ahal izango dituzte Gertu Kultura Bizkaiaren bidez artatzen dituzten kolektiboentzat.
Gainera, zuzeneko harremana izango dute kultura-programatzaileekin. Programatzaile horiek ohiko jarduerak eskainiko dituzte prezio «sinbolikoetan», eta aukera izango dute kultura-ekipamendu bakoitzaren irisgarritasuna kontsultatzeko, irakurketa errazeko informazioa izateko edo kolektiboen beharrak azaltzeko.