GAUR8

Mendietako eta eskualde polarretako egoera hizpide izango dute Zarautzen abenduaren 3an, Jeronimo Lopez ikertzailearekin

Jeronimo Lopez ikertzailea gonbidatu du ZarautzOn elkarteak abenduaren 3rako. Geologoa, alpinista eta Antartika eta Artikoko hainbat espediziotan parte hartu duen ikertzaileak mendietako eta eskualde polarretako egoeraz hitz egingo du.

Jeronimo Lopez ikertzaileak hitzaldia emango du Zarautzen abenduaren 3an.
Jeronimo Lopez ikertzaileak hitzaldia emango du Zarautzen abenduaren 3an. (ZarautzOn elkartea)

Mendietako eta eskualde polarretako egoerara begira jarriko den hitzordua iragarri du ZarautzOn elkarteak abenduaren 3rako. Jeronimo Lopez geologoa, alpinista, unibertsitateko irakasle eta ikertzailea gonbidatu dute Zarautzera gaia jorratzeko.

Zarauzko Modelo Aretoan izango da hitzaldia abenduaren 3an, 19.30etik aurrera. Hitzorduaren edukiaz aurreratu dute «mendietako eta eskualde polarretako gaur egungo egoera» aztertuko dituela. Adituak, gainera, dauden perspektibak azalduko ditu, «baita klima aldaketaren testuinguruan izotzaren galerak dituen ondorio lokal eta globalak ere».

Nabarmendu dutenez, eskualde polarren geologia eta ingurumena ikertu ditu Lopezek. «Munduko hainbat mendikatetan lan egin du, eta 1988tik Antartikako ikerketan parte hartu du», gogoratu dute ZarautzOn elkartetik. Azpimarratu dute, gainera, adituak Antartikako 12 espediziotan parte hartu duela –azkena 2024an bertan–, baita Artikora ere beste hainbat espediziotan.

«Mendiarekin duen harreman horrek lehen mailako behatzaile izatera eraman du», azaldu dute antolatzaileek, behaketa horri Antartikan zein munduko beste kontinentetan egiten duen ikerketa gehitu behar zaiola aipatuz.