Itzulpengintzako eta hizkuntzen irakaskuntzako teknologietan prestatzeko Europako proiektu batean parte hartuko du EHUk
Irakasleak itzulpengintzako eta hizkuntzen irakaskuntzako teknologia berrietan prestatzea helburu duen LT-Lider proiektua gidatzen ari da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, EHUko ikertzaileen parte hartzearekin.
Europako Batzordeak finantzatuta, LT-LiDER proiektua (Language and Translation: Literacy in Digital Environments and Resources) itzulpengintza eta hizkuntzen irakaskuntzaren teknologien prestakuntza eraldatzen ari da, unibertsitate-geletara hurbiltzeko. Bada, irakasleak tresna teknologiko aurreratuenetan trebatzea helburu duen proiektu hori Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak gidatzen du eta EHUko ikertzaileen parte hartzea dauka.
«Gaur egun adimen artifizialean eta hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako teknologiak hizkuntzen eta itzulpenaren esparrua goitik behera aldatzen ari dira. Prozesu tradizionalen osagarri ziren ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnek ez bezala, teknologia berri horiek erabat aldatzen dituzte lan metodoak. Hala ere, horien konplexutasunak eta garapen azkarrak zaildu egiten du profesionalek horien potentziala erabat ulertzea eta aprobetxatzea», azaldu du Pilar Sanchez-Gijon Batzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile nagusiak.
Bi ardatz nagusiren inguruan egituratzen da proiektua. Azaldu dutenez, «alde batetik, egungo hizkuntza eta itzulpen tresna garrantzitsuenen mapaketa zehatza egin nahi du, lan merkatuko eskaerei erantzuteko beharrezkoak direnak identifikatuz. Bestetik, material didaktiko berritzaileak garatu nahi ditu, hezitzaileei trebakuntza teknologikoan laguntzeko eta hizkuntza eta itzulpen ikasgeletan txertatzea errazteko».
Ziurtatu dute, bestalde, «horri esker hezkuntza edukiak eguneratzeaz gain, etorkizuneko profesionalen belaunaldiei irakasteko erabiltzen diren ikuspegi pedagogikoak birdefinituko» direla.
«Etengabe aldatzen ari den sektorea»
LT-LiDERek Europako zazpi erakunderen laguntza du, eta «irakasleak tresna teknologiko aurreratuetan trebatzea du helburu, ezinbestekoak baitira ikasleak etengabe aldatzen ari den sektore batean prestatzeko».
Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarekin, LT-LiDER zentroak hainbat unibertsitate biltzen ditu, hala nola UPV/EHU, HiTZ Zentroa, Dublin City University, Université Grenoble Alpes, Rijksuniversiteit Groningen, TH Köln - Teknologia, Arte eta Zientzia Unibertsitatea, eta Vienako Unibertsitatea.
Nora Aranberrik, HiTZ - Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroko ikertzaile eta UPV/EHUko Letren Fakultateko irakasle agregatuaren hitzetan, «asmo handiko ekimen honekin, LT-LiDERek Europako unibertsitateek irakaskuntzaren berrikuntzarekin eta bikaintasunarekin duten konpromisoa indartzen du, ikasleak zein irakasleak sektore dinamiko eta teknologikoki aurreratu baten erronkei aurre egiteko prest daudela ziurtatuz».