Zientzia protagonista duten euskarazko bi ekitaldi egingo dira abenduan Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean
Hamar minutuko hitzaldiak, kontzeptu zientifikoak labur eta modu atseginean azalduta, eta saio bakoitzaren ostean betsolarien begirada zorrotza jarritako gai baten inguruan. ‘Jakinduriek mundua erreko dau’ izeneko proposamena da azaldutako ekitaldi hau, eta bihar izango da Bidebarrieta Kulturgunean. Euskarazko hurrengo hitzordua abenduaren 18an izango da.
Zientzia protagonista izango duten bi ekitaldi egingo dira abenduan Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean, biak ala biak euskaraz, iragarri dute antolatzaileek.
Lehenik eta behin, ‘Jakinduriek mundue erreko dau’ ekitaldiak zientzia eta bertsolaritza uztartuko ditu bihar (abenduak 4). Zenbait euskal ikertzaile eta zientzialarik hamar minutuko hitzaldiak eskainiko dituzte, kontzeptu zientifikoak labur eta modu atseginean azaltzeko. Saio bakoitzaren ondoren, aurkezleak gai bat proposatuko du, bertsolariek bertsoak inprobisatzeko aukera izan dezaten.
Idoia Torregarai UEU Udako Euskal Unibertsitateko kazetaria eta komunikazio arduraduna izango da ekitaldiaren gidaria, eta, Iruri Altzerreka eta Julio Soto bertsolariekin batera, Cecilia Fernandez EHUko eta Pau eta Aturrialdeko unibertsitateetako Hizkuntza doktoregaia, Aloña Aldasoro EHUko Genetika, Antropologia eta Animalien Fisiologia doktoregaia eta Oier Pedrera EHUko Zientzietako Hezkuntza doktoregaia izango dira.
‘Teknologia kuantikoak: zer da hori?’
Ondoren, abenduaren 18an, Javier Aizpurua Basque Quantum (BasQ) eta Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeetako ikertzaileak ‘Teknologia kuantikoak: zer da hori?’ hitzaldia emango du, teknologia kuantikoaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Kulturguneak antolatzen duten ‘Bidebarrieta Zientifikoa’ hitzaldi zikloaren barruan.
Bi ekitaldiak 19.00etan hasiko dira eta sarrera librea eta doakoa izango da, aretoa bete arte; edonola ere, ‘streaming’ bidez ere jarraitu ahal izango dira Bidebarrietako Youtube kanalaren bidez.