Eskualdeko ondarea aztertzen duten ikerlari gazteentzako sariketa berri bat jarri du abian Gerediagak
Durangaldeko ikerlari gazteei zuzendutako sariketaren edizio berri bat jarri du abian Gerediaga Elkarteak. Euskarazko ikerlanak bilatzen dituen deialdiak kategoria eta sari bakarra izango du aurten. Lanak ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.
Gerediaga Elkarteak antolatuta, gazteen artean «eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna» bultzatzeko helburuz sortu zuten 2022an Durangaldeko Ikerlari Berrien Saria, Durangoko Merindadearen Amankomunazgoaren babesarekin.
Edizio berri bat jarri dute abian, «euskarazko ikerketa eta dibulgazioa» sustatzeko ahaleginetan jarraituz, eta iragarritakoaren arabera, zenbait berrikuntzarekin dator edizio berria.
Apirilaren 8ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea, eta deialdi berriak kategoria eta sari bakarra izango du: 1.500 eurokoa. 35 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lan irabazlearen laburpen bat ‘Astola’ aldizkarian argitaratuko da.
Ohar bidez antolatzaileek argitu dute «ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar» dela, eta «edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika...».
Beste zehaztapen batzuk nabarmendu dituzte: «lana euskara hutsean aurkeztu behar da» eta «jatorrizko lana lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta».
Argitu dute, era berean, bakarkako lana edo talde lana izan daitekeela, baina ezinbesteko baldintza da Durangaldean bizi edo ikastea. Talde lana izatekotan, gutxienez taldeko kide batek bete beharko du baldintza.