GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez jaio zen Clement Duhour lapurtar polifazetikoa

Aktore, ekoizle eta zuzendari… jarduera zinematografiko zabala izan zuen Clement Duhour lapurtarrak XX. mendearen erdialdean. Guztira, 20 pelikula inguru egin zituen. Baina horretaz gain, 1932ko Olinpiar Jokoetan lehiatzera iritsi zen kirolaria izan zen.

Clement Duhour 1931an atletismo-zelai batean.
Clement Duhour 1931an atletismo-zelai batean. (Wikipedia - Gallica Digital Library )

Gaur dela 112 urte, 1912ko abenduaren 11an, jaio zen Angelun Clement Duhourk aktore eta kirolaria.

Bere anaia Édouard Duhourren urratsak jarraituz, zinema-mundura iritsi aurretik kirolean trebatu zen gaztarotik. Pisu-jaurtiketan hain zuzen ere. Hamasei urterekin, Frantziako txapelketa nazionala irabazi zuen. 1932an, Los Angeleseko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, eta hurrengo urtean, berriro irabazi zuen frantziar txapelketa.

Alemaniar okupazioa eta II. Mundu Gerrak bere kirol ibilbidea oztopatu zuen. Hala ere, Duhourrek beste interes batzuk zituen jada. Urte batzuk lehenago Au Lapin Agile gaueko klub ospetsuan hasi zen lanean eta 40ko hamarkadaren hasieran Le Cavalier izeneko kabareta ireki zuen Parisko 8. barrutiko Ponthieu kalean.

Zinema-ibilbidea garai haietan ere hasi zen: Jean de Limurek zuzendutako ‘L'Âge d'or’ filmean Boris Ivanovitch-en pertsonaia antzezten. 1942an, Duhourrek Viviane Romance ezagutu eta hurrengo urtean ezkondu ziren. Elkarrekin Izarra Films ekoiztetxea sortu zuten.

Gerora, Sacha Guitry ekoizlearen ohiko kolaboratzaile bihurtu zen eta CLM (Courts et Long Métrages) ekoiztetxea sortu zuten. 50ko hamarkadan ‘Si Versailles m'était conté...’ (1954), ‘Si Paris nous était conté’ (1956), ‘Assassins et Voleurs’ (1957) eta ‘Les trois font la paire’ (1957) bezalako filmak ekoitzi zituzten.

Baina zuzendari eta ekoizlea izateaz gaiz, aktorea izan zen ere. Besteak beste, ‘Si Versailles m'était conté…’ (1954) eta ‘Napoleón’ (1954) filmetan parte hartu zuen.

‘La Vie a deux’ (1958) eta ‘Vous n'avez rien a declarer’ (1959) izan ziren zuzendu zituen azken bi filmak. Horren ostean zinemaren mundutik desagertu egin zen.

Clement Duhour 1983ko urtarrilaren 3an hil zen Neully-sur-Seine herrian.