Donostiako Aquariuma EAEko bigarren museorik bisitatuena izan da Guggenheim ondoren
364.000 bisitari baino gehiago izan ditu Donostiako Aquariumak 2024an, Gipuzkoako ‘museorik’ bisitatuena bilakatuz. Zifrek EAEko bigarren postuan kokatzen dute ozeanoko animalia espeziei eskainitako zentro donostiarra, Guggenheimen atzetik. Dibulgazio sailak, gainera, 30.000 ikasle baino gehiago bildu zituen urtean zehar.
Donostiako Aquariuma Gipuzkoako ‘museorik’ bisitatuena izan da, EAEko bigarrena Bilboko Guggenheimen ondoren. Guztira, 364.522 bisitari izan zituen pasa den urtean zehar, aurreko urtean baino %4 gehiago (350.075).
Ohar batean, Donostiako ozeanarioak jasotzen duen publikoaren jatorria zehaztu du. Bisitarien %14,17 gipuzkoarrak izan dira, %9,54 bizkaitarrak, %3,63 arabarrak eta %7,13 nafarrak.
Ranking orokorraren lehen postuan, 99.202 bisitarirekin, Estatu frantsesetik etorritako bidaiariak daude, bisitari guztien %27,21. Atzetik datoz estatu batuarrak, 17.476 bisitarirekin (%4,79); Erresuma Batua, 7.446 bisitarirekin (% 2,04) eta Alemania, 5.884rekin (%1,61).
65.000 lagun abuztuan
Uztailean 47.634 pertsona sartu ziren Donostiako museoa bisitatzen, eta abuztuan 65.036. Gainera, 30.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Museoko Dibulgazio Sailak diseinatutako hezkuntza-eskaintza zabal eta askotarikoan.
Aurreko urtean, halaber, Donostiako Aquariumeko taldeak Caretta Caretta dortoken hiru ale sartu ditu berriro itsasoan, dortoka boboak izenez ezagutzen direnak, duela hilabete batzuk egoera larrian aurkitu ondoren.
Donostiako Aquariumak, gainera, bat egin du Ulysses proiektuarekin, itsaso eta ozeanoetako kutsadura plastikoari aurre egiteko. Ekimen honen helburua estuario, itsaso eta ozeanoetako plastikoek eragindako kutsadurari buruzko datu zientifikoak biltzea da.
2025ari dagokionez, Aquariumetik adierazi dute 1928ko urriaren 1ean inauguratutako Itsas Jauregia-Aquariumaren mendeurrenerako prestaketak hasiko direla.