‘Gazteak Lankidetzan’ programa jarri dute abian EAEn, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera
EAEko 22 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen ondoan (GGKE) lankidetza proiektuetan parte hartzeko aukera eskaintzen duen programaren edizio berri bat jarri du abian Lakuak. Ia bi hilabeteko epea dute gazteek eskaera egiteko.
Lakuako Gobernuko Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ‘Euskadiko Gazteak Lankidetzan’ programaren edizio berria jarri dute martxan 2025eko udara begira.
Programaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 100 gaztek lankidetza ekintzak egin ahal izango dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) Hegoaldeko herrialdeetan, 2025eko udako hiru hilabeteetan.
Parte hartzeko asmoa duten 22 eta 30 urte bitarteko gazteek ia bi hilabeteko epea dute eskaera egiteko, otsailaren 17ra arte. Eskaerak eta informazio guztia ‘Gazteaukera’ web orrian daude eskuragarri.
Gastuak Gobernuaren kontura izango dira. Guztira, 300.000 euroko inbertsioa egingo du Exekutiboak atal honetan. Zehazki, hautatutako pertsonen bidaia gastuak eta, hala badagokio, helmugako herrialdean sartzeko bisatuaren gastuak ordainduko ditu.
31 urteko ibilbidea
1993an abian jarri zen programa. 31 urteko historian, 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute, eta EAEko eta Hegoaldeko herrialdeetako 100 GGKE baino gehiagoren parte hartzea izan du.
Helburua da EAEko gazteak Hegoaldeko herrialdeetako lankidetza ekintzetan sentsibilizatzea eta euskal gazteak herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea. Horretarako, hautatuek zuzenean parte hartzen dute garapenerako ekintzetan Amerikako, Asiako eta Afrikako herrialdeetan, eta, horri esker, bertatik bertara ezagutu dezakete ekintzen garapena.
Joan den udan 67 gaztek parte hartu zuten programan, Amerikako eta Afrikako bederatzi herrialdetako 22 proiektutan lankidetza ekintzak eginez.