GAUR8
Gaur X urte

Urtea bete da Akira Toriyama mangaka ezaguna hil zenetik

2024ko martxoaren 1ean zendu zen Akira Toriyama mangaka eta bideo-jokoetako pertsonaia diseinatzaile japoniarra, gaur urtebete. ‘Dragoi Bola’ zuen lanik ezaguna eta 68 urte zituela hil zen, buruko isuri bat zela eta.

Toriyamari eskainitako horma-irudia, Liman (Peru).
Toriyamari eskainitako horma-irudia, Liman (Peru). (Mayimbú | Wikimedia Commons)

Duela urtebete hil zen Japoniako Kiyosu hirian, bere jaioterrian, Akira Toriyama mangaka ezaguna, 2024ko martxoaren 1ean, 68 urte zituela buruko isuri batek jota. Mangaren historiaren autore garrantzitsuenetariko bat da, besteak beste Euskal Herrian ‘Dragoi Bola’ izenarekin ezagutzen den mangaren sortzailea. ‘Dragoi Bola’ (‘Dragon Ball’) mangaz gain, bere beste lan asko munduan zehar zabaldu dira. Esate baterako, ‘Dr. Slump’, ‘Cashman’, ‘Go! Go! Ackman’ eta ‘Kajika’.

Kiyosu hirian jaio zen Toriyama, Aichiko prefekturan, 1955eko apirilaren 5ean. Publizista bezala hasi zen lanean, kartelak diseinatzen, baina hiru urte beranduago lanpostua utzi zuen. Orduan hasi zen mangaka bezala lan egiten, ‘Shonen Jump’ izeneko aldizkarian. Bertan izan zuen Toriyamak bere lehenengo arrakasta, ‘Dr. Slump’ mangarekin, 1980 eta 1984 urteen artean argitaratu zena.

Hori amaitu zuenean sortu zuen ‘Dragoi Bola’, 1983an, eta horrekin lortu zuen Japonian eta baita munduan zehar ere autore ezaguna bihurtzea. Hori bukatu ondoren Toriyamak egindako mangak istorio laburrak izan dira, ‘Cowa!’, ‘Kajika’, ‘Sand Land’ eta ‘Neko Majin’, besteak beste.

Mangetako marrazkilari bezala lortutako arrakastari esker bideo-jokoetako pertsonaiak diseinatzen aritu zen ere. Ezagunenak ‘Dragon Quest’, ‘Chrono Trigger’ eta ‘Tobal No. 1’ jokoetarako egindakoak dira.