85 urte bete ditu gaur Merche Gallardok, Saturrarango kartzelan jaiotako emakumeak
«Nik ez dakit nongoagoa naizen. Dakidan bakarra da ni espetxean jaio nintzela eta aitak, moja haiek haurtxoak lapurtzen zituztenez frankista dirudunei emateko, urtebete nuenean nire bila etorri eta Andaluziara eraman ninduela». Horrela mintzatu dena Merche Gallardo da, Iurretako bizilaguna. Gaur 85 urte bete ditu. 85 urte pasa dira Saturrarango kartzelako erizaindegian amak erditu zuenetik.

Ondarroa eta Mutriku artean kokatuta zegoen luxuzko bainuetxea emakumeen kartzela beldurgarria bihurtu zuten frankistek 1937-1944 bitartean. Han gertatutakoaren lekukotasuna eman ahal izan duten gutxik irauten dute bizirik egun; horietako bat da Merche Gallardo, Iurretako bizilaguna, Eusebia Carrillo presoaren alaba.
Hain justu, Merche Gallardok gaur beteko ditu 85 urte, Saturrarango emakumeen kartzelan 1940ko martxoaren 3an jaio baitzen. Gaur, beraz, 85 urte bete ditu. Beraz, zorionak Merche!
Iaz elkarrizketatu zuen Iban Gorritik Muga Kultura Durangaldeko aldizkari digitalean. Merche Gallardok hedabide bati eskani zion lehen elkarrizketa izan zen, eta bertan adierazi zuena, bere xumetasunean, gordina zen oso.
Jaengo Puente de Genave herrikoa zuen ama: Eusebia Carrillo Marin, ama; aita, Lucas Gallardo, igeltseroa lanbidez. Frankistek bi neba hil zizkioten Eusebiari eta bera preso hartu zuten, 23 urte zituenean. Haurdun zegoen. Irakurtzen eta idazten ez zekien, baina etxetik 704 kilometrora zegoen Saturrarango kartzelara eraman zuten. Hango erietxean erditu zen, hantxe heldu zen Merche alaba mundura.
Amak ez zuen gogoko kartzelaldiari buruz mintzatzea. Behin aitortu zion une batean odol-transfusio bat egin behar izan ziotela neskatoari, oso gaizki zegoelako. «Zer odol izan zezakeen nire amak jateko ematen zietenarekin? –esan zion Gorritiri–. Batzuetan, kokoz beteriko dilistak izaten zituzten jateko, kokoena izan zelako han jan zuten haragi bakarra. Senideek eramaten zizkieten jaki guztiak kentzen zizkieten monjek eta! [...] Amak gaizki pasa zuen, oso gaizki. Ez ziotela jaten ematen kontatzen zuen, ama nagusia deabru bat zela, baina moja onen bat ere bazegoela. Moja lesbianak zeudela eta moja bat edo beste ere errepublikarra zela. Ama oso lasaia eta baketsua zenez, ez zuten inoiz zigortu. Hori bai, handik atera zen apaizak gorrotatuz».
Urtebete zuenean, aita bila joan zitzaion alabari. Andaluziara eraman zuen eta Linaresen bataiatu zuen Maria Francisca izenarekin, baina kartzelan Mercedes izena jarria zuenez, preso zegoen Mercedes [Merce] Castro katalan amaibitxiaren omenez, izen horrekin jarraitu zuen.

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»

«Zaintza lanak emakumeek egiten ditugulako dira ordaindu gabeak, ez afektiboagoak direlako»
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik
