GAUR8

Migratzaileen bizipenak ikustarazteko tailer interaktiboa antolatu dute Galdakaon

Pertsona migratzaileen bizipenetara hurbiltzea helburu duen topaketa antolatu du Galdakaoko Udalak. Sentsibilizazio saio horretan, hiru emakumeren testigantzak erakutsiko dituzte errealitate birtuala erabiliz, eta elkarrizketa irekirako espazioa egongo da, dena atzean utzi behar izan duten pertsonen errealitatera gerturatzeko.

Sentsibilizazio tailerra hurrengo asteartean izango da.
Sentsibilizazio tailerra hurrengo asteartean izango da. (Galdakaoko Udala)

Pertsona migratzaileen errealitatera gerturatzea proposatzen duen ekimena jarri du martxan Galdakaoko Udalak, Moviltik kultur berrikuntzarako elkartearekin lankidetzan. «Sentsibilizazio topaketa bat da» galdakoztarrentzat, udalerrian betidanik bizi izan direnentzat eta Galdakaora etorri berri diren lagunentzat, «mundua beste ikuspegi batetik ikusteko aukera izan dezaten», azaldu dute Udaletik.

Errealitate birtuala erabiliz, zehazki 3D betaurrekoen bidez, migratzaileen bizitzako istorioak partekatuko dituzte hiru emakumek. Saioan parte hartzen dutenak hiru herritar horien bizipenetan murgilduko dira, «bizitza berri bat bilatzeko bidean izan dituzten erronkak bertatik bertara ezagutuz».

Udal iturriek azaldu dutenez, beste etorkin batzuek euren antzeko esperientziak ezagutu ahal izango dituzte, «eta konexio zein laguntza gune bat aurkitu ahal izango dute».

Izan ere, topaketa eztabaidarako, elkarrizketa irekirako eta bizipenak trukatzeko gunea izango da. Helburua migrazioaren errealitateari begiratzea da; pertsona batek etxea, familia, lagunak, bizimodua... atzean zergatik utz ditzakeen ulertzen saiatzea.

Topaketak, era berean, ingurune eta kultura berri batean integratzeko eta estereotipoak eraisteko modua eskaini nahi du, «elkar ulertzeko eta bizikidetzarako zubiak eraikitzeko».

Martxoaren 25ean izango da sentsibilizazio topaketa, Torrezabal Kultur Etxeko 2. gelan, 18.00etatik 20.00etara.

Parte hartzeko izena eman behar da 944 010 563 edo 688 624 752 telefono zenbakira deituta. Ohartarazi dutenez, gehienez 25 lagunentzako lekua izango da, eta izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko da lekua.