GAUR8

‘Zainketa aringarriak, komunitatearen garrantzia’ hitzaldia eskainiko du Iñaki Peña sendagileak Galdakaon

Zainketa aringarriak eta komunitateak duen garrantzia izango dira Iñaki Peña Bandres adituaren solasaldiaren ardatz nagusiak. Hurrengo asteazkenean izango da, gaixotasun larriak, aurreratuak edo sendaezinak dituzten pertsonen eta senideei zuzenduta, eta galderak egiteko tartea izango du.

Zainketa aringarrien gaineko hiztaldia martxoaren 26an izango da.
Zainketa aringarrien gaineko hiztaldia martxoaren 26an izango da. (Galdakaoko Udala)

Gaixotasun larriak, aurreratuak edo sendaezinak dituzten pertsonen senideei eta zaintzaileei zuzendutako dibulgazio topaketa antolatu du Galdakaoko Udalak.

Iñaki Peña Bandres medikuak eskainiko du hitzaldia. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta «bizitzaren amaierako prozesuari ahalik eta modu naturalean aurre egitearen garrantzia» jorratuko du, ondoren galderentzako tartea zabalduz.

20 urte baino gehiagoz Zainketa Aringarrietako mediku laguntzailea izan da Peña Debagoienako ospitalean, Arrasaten. 2016tik 2023ra, Arinduz Euskadiko Zainketa Aringarrien Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea ere izan da, eta bertako bazkide 2011. urtetik. Hizlaria, gainera, EHUko ‘Zahartze osasungarria eta bizi kalitatea’ masterreko irakaslea izan da azken urteetan.

Peña Bandresen biografiarekin lotuta, nabarmendu du Udalak zuzendari eta gidoilari gisa ere egindako lanengatik dela ezaguna. ‘Aulki Hutsak’ (2013), ‘S(u/a)minetik Bakera’ (2017) eta ‘Mendian hil. Hirian hil’ (2020) dolu prozesuei buruzko trilogiaren egilea da, eta azken ekoizpenari esker, Bilbao Mendi Film jaialdiaren euskarazko dokumental onenaren saria irabazi zuen 2022an. Joan den otsailean, ‘Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat’ bere lehen liburua argitaratu zuen.

«Gaur egungo gizartean tabua izaten jarraitzen duen gai batean: zainketa aringarrien zeregina heriotza duin» baten bidean hizlariak daukan ibilbide luzea azpimarratu dute, eta esperientzia horretan oinarrituta eskainiko dituen tresna eta ezagutza baliotsuak izango direla adierazi dute, hitzaldiaren ostean izango den elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioa aipatuz, bertaratutakoen galderei erantzungo baitie.

Hitzaldia Gandasegi eskolan izango da martxoaren 26an, asteazkenez, 17.30ean hasita, eta sarrera librekoa da.