Lurdes Iriondo, itzaletan dagoen izarra, gaurko Zebrabidean
Ostiralero aurreratzen dugu GAUR8ko zizka-mizkaren bat Zebrabidean. Gaurkoan, Lurdes Iriondo ekarri dugu lehen lerrora. Ez Dok Amairuko izar distiratsuenetakoa izan arren, denboraren joanean bere arrastoa lanbrotu egin da. Nor izan zen eta, batez ere, nolakoa izan zen ekarri dugu lehen lerrora aste honetan.
Datorren martxoaren 27an 88 urte beteko lituzke Lurdes Iriondok. Gazte hil zen, bizitza erabat zeharkatu zion bihotzeko eritasun baten ondorioz. Ez Dok Amairu kolektiboaren sortzaileetakoa eta motor garrantzitsua izanagatik, herri memoriak pintura matez jaso du bere arrastoa. Izarra izan zen, baina itzaletan da gogoratua.
Aurten beteko dira 20 urte Lurdes Iriondo pausatu zenetik, abenduaren 27an, hain justu. Datorren martxoaren 27an beteko lituzke Iriondok 88 urte. Gazte samar zendu zen, oso gaztetatik izan baitzuen eritasuna bidelagun. Bihotzeko gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten 20 urte zituela, eta horrek bere pausajea baldintzatu zuen. Baina bizitza bete-betea izan zuen, bai barrura begira eta bai kanporantz. Ez Dok Amairu (1965-1972) kultur mugimendu abangoardistaren sortzaileetako bat izan, bertako izar distiratsuena eta nabarmenena une askotan. Baina hil zenetik 20 urte beteko diren honetan, bistakoa da bere ibilbidea pintura matez dagoela jasoa, izan zen sortzaile eta ekintzaile hartatik nahiko urrun.
Jon Martin Etxebestek “Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa” liburua ondu du Lakuako Gobernuaren Berdintzen Bildumaren barruan. Lanaren abiapuntua, honako ustea: «Euskal jendarteak Iriondo ez duela Ez Dok Amairuko beste kide batzuen maila berean gogoratzen». Izan ere, kolektiboko kide guztien memoria ez da berdin zahartu. Martinek liburuan jasotzen duenez, «haietako zenbaiten izenak solidotu egin dira denboraren hoztasunari esker; baina beste zenbaiten izenak, mugimendurako funtsezkoak izan arren, lurruntzen hasita daude». Horixe da Iriondoren kasua, ahots gozoz eta mezu indartsuz, euskal belarriak gozatu zituen. Estatuko diskoetxeek ere eskaintza interesgarriak egin zizkioten, baina egungo memorian lanbroa da bere irudia eta askotan Xabier Leteren emazte bezala bakarrik gogoratzen da. «Bistan da memoriak ez diola justiziarik egin Urnietako kantariari», nabarmendu du Martinek. Hartara, Iriondoren inguruan argitaratuak dauden biografiak errepasatuta, gordailuetako bibliografia miatuta eta urnietarra ezagutu zutenei elkarrizketak eginda idatzi du Jon Martinek Lurdes Iriondoren biografia berritua.

Zaldien lehen azokaren atarian, amets bat, zergatik ez euskal odolgarbi bat?

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
